Mundua -

KORONABIRUSA

Pandemiak giza eskubide guztiei eragin diela adierazi du Michelle Bacheletek

Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi komisarioaren arabera, giza eskubideak gosearen, pobreziaren, desberdintasunaren eta klima-aldaketaren aurkako txertoa dira.

Michelle Bachelet. Argazkia: NBE
Michelle Bachelet.
Michelle Bachelet. Argazkia: NBE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Michelle Bachelet Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi komisarioak balantze gogorra egin du pandemiaren eta haren ondorioen inguruan, Giza Eskubideen Egunean (abenduak 10) egindako prentsaurrekoan. Azaldu duenez, pandemiak gizarte gisa ditugun ahultasun guztiak azaleratu ditu, eta lehengo normaltasunera itzultzea porrota baino ez litzateke izango.

Bacheletek esan du 67 milioi pertsona baino gehiago kutsatu eta 1,6 milioi hil direla koronabirusaren ondorioz. Horren esanetan, covid-19ak herrialdeetako ekonomian eta enpleguan, diru-sarreretan, hezkuntzan, osasunean eta ehunka milioi lagunentzako elikagai-horniduran inpaktu suntsitzailea izan du, eta, hori dela eta, atzerakada handia gertatu da garapenean, pobrezia arintzeko ahaleginetan eta emakumeen egoeraren hobekuntzan.

"Txerto bat dago gosearentzat, pobreziarentzat, desberdintasunarentzat eta, ziur asko, —serio hartuz gero— aldaketa klimatikoarentzat, baita gizateriak aurre egin behar dien beste gaitz askorentzat ere. Aurreko mundu-krisi handien (pandemiak, finantza-krisiak eta bi mundu-gerrak barne) ondorioz garatu genuen txertoa da. Txerto horren izena giza eskubideak da", azaldu du.

NBEren Goi komisarioaren ustez, 2020an eskualde eta herrialde guztiak ez ezik, giza eskubide guztiak (ekonomikoak, sozialak, kulturalak, zibilak edota politikoak) kaltetu dira.

Eskubideen urraketa

2020an pobreak gehiago pobretu dira, eta oinarrizko segurtasun ekonomikoari, enpleguari, hezkuntzari, etxebizitzari eta elikadurari dagokienez, "pandemia hain eragin negatibo handia izaten ari denez, iaz ezinekoa da haren neurrigabetasuna ulertzea", azaldu du.

Bere ustez, hori ez litzateke gertatuko herrialde pobreetan eta aberatsetan babes sozial eta ekonomiko egokiak ezarri izan balira munduko biztanleriaren proportzio handiago batentzat. "Giza eskubideen txertoa jarri izan bagenu, ez ginateke hain egoera txarrean egongo", adierazi du.

Gainera, ohartarazi duenez, pandemiak bereziki emakumeei eragin die, eta, zenbait lekutan, haien eskubideek atzerakada handia jasateko arriskua dute, baita eskubide sexualak eta ugalketakoak eskuratzeko aukera gutxiago izatekoa ere. Bracheleten arabera, etorkizun hobea sortzeko beharrezkoa da emakumeek erabakiak hartzerakoan eta lehentasunak ezartzerakoan zeregin garrantzitsuagoa izatea.

Halaber, adierazpen askatasuna edo biltzeko eskubideak pandemian zehar kaltetu direla salatu du. Bere aburuz, horiek ez dira murriztu mugikortasun murrizketen ondorioz, gobernu batzuek, egoeraz baliatuz, disidentzia politikoarekin eta kritikoekin amaitzeko egindako saiakeraren ondorioz baizik.

Bracheleten ustez, pandemiak agerian, sentibera eta ahulduta utzi gaitu, baina, era berean, argi erakutsi digu bizi dugun egoera hau gure lehentasunak egokitzeko eta etorkizunerako ikuspegia hobetzeko aukera ezin hobea dugula.

Horretarako, borondate politikoa eta mundu mailako lankidetza nabarmendu ditu: borondate politikoa behar den lekuan inbertitzeko, ustelkeriaren aurka borrokatzeko eta desberdintasunei heltzeko, eta mundu mailako lankidetza mundu mailako erronkei aurre egiteko; herrialde aberatsenek pobreenei lagundu beharko diete krisi hau gainditzen eta hobeto suspertzen, eta ziurtatu egin beharko da covid-19aren kontrako txertoak eta horri aurre egiteko tresnak behar dituzten pertsona guztiengana iristen direla.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak Asia Ozeania Koronabirusa