Mundua -
Al Asaden erregimena
Siriako errepresioak 3.500 heriotza eragin dituela salatu du NBEk
Joan den martxoan Bachar al Asaden kontrako protestak hasi zirenetik milaka pertsona hil dituzte lurraldeko Gobernuko indarrek.
Erredakzioa
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) salatu duenez, gutxienez 3.500 zibil hil dituzte Siriako erregimenaren aldeko indarrek martxotik, Bachar al Asad presidentearen kontrako protestak hasi zirenetik.
Joan den azaroaren 2an sinatu zuen "bide orria" Siriako Gobernuak. Al Asaden erregimenak indarkeria ekintzak aldera batera utzi eta protestetan atxilotutako ehunka pertsona aske utziko zituela hitz eman zuen.
Shamdasanik adierazi du Gobernuak 553 preso aske utziko zituela hitz eman zuela baina ez duela bete, "milaka daude atxilotuta, eta egunero milaka atxilotzen dituzte", erantsi du.
"Homs hirian tankeak eta artilleria astuna erabiliz egin dute eraso" indar militarrek, NBEko ordezkarien esanetan. Hiri hori oposizioaren gotorleku nagusia da eta eraso gogorrak izaten ari dira bertan. Der Balaba auzoan egoera "beldurgarria" dela gaineratu dute, eta hainbat bizilagunen arabera, inguru hori "zazpi egunez setiatuta eduki dute".
Nazio Batuen Erakundea Siriako giza eskubideen urraketen inguruko ikerketa sakona egiten ari da, ordezkari independenteek osatutako mahaia eratu du horretarako.