Mundua -

AEB

Bonba bat zuen ibilgailu batek Nashville astindu eta hiru zauritu arin utzi ditu

Leherketa "hurrengo 15 minutuetan bonba batek eztanda egingo du" zioen grabazio bat zuen ibilgailu batean gertatu da.

Nashville. Argazkia: EFE
Nashville
Nashville. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bonba bat zuen autokarabana batek Nashville (AEB) astindu du ostiral honetako lehen orduan, eta hiru zauritu arin utzi ditu, baita dozenaka saltoki kaltetu, kristal hautsiak eta eroritako zuhaitzak ere.

Agintariek oraindik ez dute arduradun bat aipatu, baina hainbat pertsona galdekatzen ari dira Nashvilleko polizia-etxean, Tennesseeko hiriburuan.

John Drake poliziaburuak prentsaurreko batean azaldu duenez, hiriaren erdialdea miatzen ari dira, eta bertako kaleak itxi dituzte, baina ez dago beste lehergailurik egon daitekeenaren zantzurik.

06:00ak baino pixka bat lehenago (12:00 GMT), poliziak inguru horretan tiroka ari zirela zioen dei bati erantzun dio, baina hara iritsitakoan, ez dute tiroketa baten zantzurik ikusi, eta AT&T telekomunikazio enpresaren eraikin baten aurrean ibilgailu susmagarri bat zegoela aparkatuta konturatu dira.

"Hurrengo 15 minutuetan bonba batek eztanda egingo zuela" abisatzen zuen grabazio bat zuen ibilgailu horrek, Drakek azaldu duenez.

Berehala, agenteak eraikin guztietan atez ate jotzen hasi dira bizilagunak ebakuatzeko, eta 30 minutu geroago leherketa gertatu da.

Prentsaurreko berean, Don Aaron Nashvilleko poliziaren bozeramaileak oraindik ez dakitela inor zegoen autokarabanaren barruan leherketa gertatu denean esan du.

Aaronek adierazi duenez, "nahita egindako ekintza" izan da, eta kaltetutako zonaldean kalte "esanguratsuak" izan dira, suhiltzaileek suak itzali behar izan baitituzte, zuhaitzak erori dira eta dozenaka establezimenduk kristal hautsiak eta hormak beltz dituzte.

Gutxienez hiru pertsona zauritu dira eta gertuko ospitaleetara eraman dituzte, baina horietako bat ere ez dago egoera larrian.

Ikerketa Buru Federalak (FBI) gidatuko du ikerketa, eta segurtasun indar ugari ari dira parte hartzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak