Mundua -

AEB

Lau pertsona hil dira Trumpen jarraitzaileek Kapitolioa hartzeko egin duten saiakeran

Hasiera batean, Joe Bidenen garaipena berresteko saioa atzeratzea lortu dute manifestariek, baina lau orduko etenaren ostean, berriro ekin diote saioari AEBko Kongresuan.

Trumpen aldeko manifestariak, Kapitolioan. Argazkia: Efe
Trumpen aldeko manifestariak, Kapitolioan. Argazkia: Efe
Trumpen aldeko manifestariak, Kapitolioan. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetan, lau pertsona hil dira asteazken honetan Washington hiriburuan Donald Trump presidentearen jarraitzaileek Kapitolioa hartzeko egin duten saiakeran. Momentuz, 52 pertsona atxilotu dituzte. Bertako agintariek baieztatu dutenez, emakume bat Poliziaren tiroz hil da eta beste hiru pertsona, ostera, mediku larrialdien ondorioz zendu dira.

Donald Trump presidentearen jarraitzaileak AEBko Kongresuan sartu dira asteazken honetan, segurtasun hesiak bota eta Poliziari aurre egin ostean. Erasoaren ondorioz, behin-behinean, bertan behera geratu da Bidenen hauteskundeen garaipena berresteko saioa. Lau ordu inguruko etenaren ostean, ordea, saioari ekin diote berriro.

Joe Bidenek "matxinada" gisa definitu du gertaturikoa: "Ez da protesta bat. Matxinada bat da". Halaber, "Konstituzioa defendatzeko" eta "setioaren amaiera" eskatzeko eskatu dio Trumpi.

Donald Trumpek berak hauspotu ditu manifestariak, azaroko hauteskundeetako emaitzak ez dituela onartuko behin eta berriro errepikatuta eta hauteskunde iruzurra egon dela ziurtatuta.

Trumpek ez bezala, AEBko presidenteorde eta Senatuko presidente den Mike Pence errepublikanoak Washingtonen gertaturikoa gaitzetsi du: "Gaur gure Kapitolioan kaosa eragin dutenei: zuek ez duzue irabazi. Indarkeriak ez du inoiz irabazten. Askatasunak beti irabazten du. Eta hau herriaren etxea da".

Muriel Bowser Washingtongo alkateak etxeratzeko agindua eman du hirian, kaleetako giro gaiztoa baretzeko. Etxeratze agindua osteguneko 06:00ak arte (Washingtongo ordua) egongo da indarrean.

Kongresua bilduta zegoen Joe Biden demokratak azaroko hauteskundeetan lortu zuen garaipena berresteko, baina saioa bertan behera geratu da hasiera batean protestarien oldarraldiagatik.

Martxa "AEB salbatu" izenarekin hasi zen goizean, modu baketsuan, Etxe Zuritik gertu.

Eguerdian, Trumpek manifestariei hitz eman zin ez zuela "inoiz" porrota onartuko, eta Kongresura joateko eskatu zien jarraitzaileei.

Manifestariak Kapitolioan

Manifestariak Kapitolioan. Argazkia: Efe

Trumpek Penceri egotzi dio errua

Trumpek Penceri egotzi dio Washingtoneko kaosaren errua, bere jarraitzaileek Kapitolioa erasotzen zuten bitartean Konstituzioak ematen ez dizkion botereak hartu ez dituela iritzita.

Trump Bulego obalean zegoen bere jarraitzaileak eraikinean indarrez sartu eta Ordezkarien Ganberako hemizikloan sartzen ari ziren bitartean, baina ez die Kongresutik irteteko eskatu bere jarraitzaileei, eta, aldiz, erasoa eragin duten tentsioak elikatu ditu.

"Mike Pencek ez du ausardiarik izan gure herrialdea eta Konstituzioa babesteko egin behar zuena egiteko (...). AEBk egia eskatzen du! ", idatzi du Trumpek lehen txioan, jarraitzaileak Kapitolioan indarrez sartzen ziren bitartean.

Geroago, Trump presidenteak atzera egin du eta, ustezko hauteskunde iruzurra berretsi ostean, Kapitolioan erasoa egiten ari diren manifestariei "etxera joateko" eskatu die, baina haientzako hitz politekin: "Oso bereziak zarete".

"Etxera joan behar duzue orain", esan du, "inor ez zauritzeko" eta segurtasun indarrak errespetatzeko eskatuz. Hala ere, hauteskundeak "lapurtutakoak" izan direla azpimarratu du.

Pencek iragarri du ez duela Bidenen garaipena ukatuko

Ordu batzuk lehenago, Mike Pence AEBko presidenteordeak iragarri du ez duela Joe Biden demokrataren garaipenaren ziurtagiriaren aurka egingo, Trumpek kontrakoa eskatu arren.

Hauteskundeetako botoak ziurtatzeko Kapitolioan egiten ari diren batzarra hasi baino lehen bidalitako gutun batean, Pencek, bileraren buru denak, argitu du ezin dituela hauteskundeen emaitzak atzera bota.

Bidenek setioa geldiarazteko eskatu dio Trumpi

Bestalde, Joe Biden AEBko presidente hautetsiak Donald Trump AEBko presidenteari eskatu dio telebistaz hitz egiteko herrialde osoari, "Konstituzioa defendatzeko" eta "setioari amaiera emateko" eskatzeko.

"Trump presidenteari orain telebista nazionalean ateratzea eta bere zina betetzea eskatzen diot, baita Konstituzioa defendatzea eta setio honen amaiera eskatzea ere", esan du Bidenek Wilmingtonen (Delaware) egindako adierazpen labur batean.

kapitolioa

Manifestariak kapitolioan sartzen. Argazkia: Efe

Erreakzioak

AEBko hainbat presidente ohik gertaturikoa gaitzetsi dute, Obamak, Bushek, Clintonek edo Carterrek kasu.

Barack Obamaren esanetan, Ameriketako Estatu Batuen historian "lotsaz" gogoratuko den pasartea izango da, eta Trumpen "gezurrei" egotzi die gertaturikoa. George W. Bush presidente ohi errepublikanoaren hitzetan, "banana errepublika" baten maila erakutsi dute Ameriketako Estatu Batuek. Halaber, zuzenean aipatu ez badu ere, "gezur eta itxaropen faltsuekin" jarraitzaileak hauspotzea leporatu dio Trumpi. Bill Clintonek ere ildo beretik hitz egin du eta "erasoa" elikatzea aurpegiratu dio Trumpi. Jimmy Carter AEBko presidente ohiak, bere aldetik, estatubatuarrek modu baketsuan kalera ateratzeko duten eskubidea babesten duen arren, "mehatxuak eta indarkeria gogor gaitzesten" dituela adierazi du ohar baten bidez.

Washingtonen gertaturikoak dimisio kate luzea eragin du Etxe Zuriko goi-kargudunen artean. Matt Pottinger Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko kontseilariak dimisioa eman du. Bestalde, Stephanie Grisham Etxe Zuriko komunikazio zuzendari, prentsa idazkari eta Melania Trump lehen damaren kabinete burua zenak ere dimisioa aurkeztu du. Era berean, Anna Cristina "Rickie" Niceta Etxe Zuriko idazkari sozialaren dimisioa berretsi du CNNk.

Europar Batasunak (EB), bere aldetik, AEBn "demokraziaren aurkako erasoa" salatu du. Halaber, azaroko hauteskundeetako emaitzak errespetatzea eskatu du.

Iñigo Urkullu lehendakariak ere gertaturikoaren inguruko balorazioa egin du.

Demokratek kontrolatuko dute Senatua

Jon Ossoff hautagai demokratak irabazi du Georgiako Senaturako hauteskundeen bigarren itzulia, eta, ondorioz, Joe Biden presidente hautatuaren alderdiak Ameriketako Estatu Batuetako Goi Ganberaren kontrola izango du.

Hedabideen aurreikuspenen arabera, Ossoffek Kelly Loeffler errepublikanoa garaitu du, astearte gauean Raphael Warnockek David Perdue errepublikanoaren aurka irabazi zuen moduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Ultraeskuineko alderdi politikoak