Mundua -
Iruzkina
Europaren Estatu kolpea
Greziarrek eta italiarrek duten subiranotasuna eurek nahi duten lehen ministroa aukeratzeko urratuta geratu da hein batean.
Erredakzioa
Greziako eta Italiako krisi politikoei eman zaien irtenbideak kezkatzeko modukoak izan dira hainbat aldetatik begiratuta. Modu batera edo bestera esan liteke Berlinen, Parisen eta Bruselan antolatutako estatu kolpeak izan direla. Yorgos Papandreu dimisioa eman duen lehen ministro greziarrak Parlamentuan gehiengoa izaten jarraitzen zuen eta beste 2 urteko agintaldia geratzen zitzaion. Italiako lehen ministroak, berriz, bozketa bat galdu zuen Parlamentuan, baina oraindik bazuen gehiengoa eta honi ere beste urtebetetik gorako agintaldia geratzen zitzaion.
Biek euren dimisioa aurkeztu badute merkatuetatik eta Europako hiruburuetatik jasotako prezio oso gogorraren ondorioz izan da. Karguei eustean tematu izan balira oso litekeena da bai Greziak baita Italiak ere erabat hondoa jo izana. Eta horrek oso zaila, ia ezinezkoa, egingo zuen euroaren jarraipena.
Testuinguru horretan, beraz, logikoa da bere bazkideek, batez ere Alemaiak eta Frantziak, presio egitea herrialde horiek murrizketak indarrean jar zitzatzen, euren ustez horiek ezinbestekoak baitira euroa salbatzeko.
Baina greziarrek eta italiarrek duten subiranotasuna eurek nahi duten lehen ministroa aukeratzeko urratuta geratu da hein batean. Egia da subirautza eman gabe euroaren proiektuak ezin duela funtzionatu. Horregaitik, lehenbailehen egin beharrekoa da urrats gehiago ematea euroa darabilten herrialde guztien arteko batasun ekonomikoruntz, era honetako erabakiak aurrez hitzartutako prozeduraren bidez hartu daitezen eta ez oraingo honetan gertatu den moduan.