Mundua -
Vatikanoa
Fabrizzio Soccorsi aita santuaren mediku pertsonala hil da covid-19aren ondorioz
78 urteko Soccorsik egunak zeramatzan Gemelli ospitalean, patologia onkologiko batengatik.
E. L. | EiTB Media
Fabrizzio Socorsi, Frantzisko aita santuaren mediku pertsonala, hil da, covid-19ak eragindako pneumonia baten ondorioz, Vatikanoko komunikabideek jakitera eman dutenez.
78 urteko Soccorsik egunak zeramatzan Gemelli ospitalean, patologia onkologiko batengatik. 2015ean mediku pertsonal izendatu zuen Frantziskok berak. Ordura arte Vatikanoko Osasun eta Higiene Zuzendaritzako aholkularia izan zen. Era berean, Erromako San Camilo ospitalearen hepatologia zuzendari emeritua zen.
Vatikanoak azaldu duenez, Soccorsi Erroman jaio eta Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatu zen La Sapienza Unibertsitatean, 1968an. “Ibilbide luzea izan du profesional eta irakasle gisa”, azpimarratu du Egoitza Santuak.
Gainera, gibel, digestio-aparatu eta nutrizio gaixotasunen alorra zuzendu zuen Soccorsik, eta San Camilo Forlanini ospitaleko espezialista izan zen.