Mundua -
Analisia
Siriarekin adi
EBk gehitu egin ditu Siriako erregimeari ezarritako zigor ekonomiko eta politikoak eta Assaden dimisioa eskatu du. Dena den, inork ez du bera boteretik kentzeko esku-hartze militarrik planteatzen.
Jesus Torquemada
Europa astintzen ari den finantza krisiarekin kezkatuta egotea normala den arren ezin gara ahaztu munduan beste hainbat gertakari garrantzitsu ere izaten ari direla. Siriari arreta eskaini behar diogu, bertan Bashar El Assad presidentearen gaineko presioak areagotzen ari dira honek dimititu dezan. Joateko eskatu dioten azkenak Jordaniako erregea eta Turkiako Atzerri gaietarako ministroa izan dira. Liga Arabiarrak berriz joan den larunbatean erabaki zuen Siria erakundetik kanpo uztea eta hara mandatu bat bidaltzea izaten ari diren gehiegikeriak ikertzeko.
Nazio Batuen Erakundeak egindako txostenen arabera 3.000 pertsonatik gora hil dira Sirian joan den otsailean Assaden kontrako protestak hasi zirenetik. Europar Batasunak ere gehitu egin ditu Siriako erregimeari ezarritako zigor ekonomiko eta politikoak eta Assaden dimisioa eskatu du.
Dena den inork ez du aztertzen bera boteretik kentzeko esku-hartze militarrik, Libian Gadafiren aroarekin amaitzeko egin zen moduan. Assadi ez zaio apenas aliaturik gelditzen, baina une honetan dituen biekin nahikoa du: alde batetik Iran dago eta bestetik Hizbola, Libanoko milizia xiita. Libanon hain zuzen ere Assaden kontrako erresistentzia armatua ari da sortzen. Siriako armadako desertoreak Libanon dauden atzerriko korrespontsalekin hartuemanetan jarri dira eta Siria akearen armada izeneko ezkutuko taldea osatzen ari direla esan diete. Siriako gobernuak Libanorekin duen mugaren zati batean minak jarriz erantzun du, horrek erakusten du mehatxua kontutan hartu duela.