Mundua -
Estradizio bigarren eskaera
Noriega diktadore ohia estraditatzeko bidea desblokeatu dute AEBek
Haren abokatuen arabera, litekeena da Panamako buruzagi ohia "urtea bukatu baino lehen" herrialdera estraditatzea. Noriegaren aurkako bigarren estradizio eskaera da.
Erredakzioa
Pariseko Apelazio Auzitegiak asteazken honetan jakitera eman duenez, AEBek oniritzia eman diote Manuel Antonio Noriega Panamako buruzagi ohiaren aurkako estradizio eskaerari. Noriegaren abokatuen arabera, litekeena da Panamako buruzagi ohia "urtea bukatu baino lehen" herrialdera itzultzea.
Militar honen kontrako bigarren estradizio eskaera da. Washingtonek hartutako erabaki honek Noriega Panamara itzultzeko bidea erraztuko du. Noriega 1983 eta 1989 urte bitartean izan zen gobernuburu.
1989. urtean bere aurka matxinatu zen Moises Giroldi kapitana hiltzea leporatu diote diktadore ohiari eta hori dela eta, Panamara eramango dute. Parisen izandako saioan estraditatzeko desioa duen galdetu diote Noriegari eta berak "zuzena da" hitzak bota dizkio auzitegiko presidenteari.
Noriega, 77 urtekoa, Frantziako kartzelan dago espetxeratuta 2010eko apirilatik, droga-trafikoko dirua zuritzeagatik zazpi urteko espetxe-zigorra betetzen.