Mundua -
Iragarkia
Benettonek aita santuaren argazkia kendu du Vatikanoaren presioagatik
Iragarki-kanpainako argazki batean Benedikto XVI.a ageri da Egiptoko iman bati ezpainetan musu ematen eta Vatikanoak esan du probokazio onartezina dela.
Erredakzioa
Benetton erropa konpainiak azken iragarki kanpainan erabili duen aita santuaren argazkia kendu du Vatikanoak egindako presioaren ondorioz. Argazkian Benedikto XVI.a ageri da Egiptoko iman bati ezpainetan musu ematen eta Vatikanoak esan du probokazio onartezina dela hori.
Benettonek azaldu duenez, "Unhate" (Gorrotorik ez) kanpainak, asteazkenean abian jarri zutenak, tolerantzia eta "mundu mailako maitasuna" sustatu nahi zuen.
Kanpainako argazki faltsuetan dozena bat inguru aurkari politiko ageri dira elkarri besarkadak eta musuak ematen. Batean Barack Obama AEBetako presidentea eta Hugo Chavez Venezuelakoa azaltzen dira, beste batean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Mahmoud Abbas Palestinako presidentea; eta beste batean bi koreetako agintariak.
Aita santuaren eta Ahmed el-Tayeb iman ezagunaren argazkia Benettonen webgunean egon zen atzo egun osoan, baina Vatikanoaren kexa jaso eta ordubetera kendu egin zuten.
Argazkian agertzen den imana Al-Azhar teologia eskolakoa da, eta eskola horrek harreman guztiak eten zituen Vatikanoarekin Benedikto XVI.ak urte hasieran Egiptoko kristauentzat babesa eskatu ondoren.