Publizitatea
Itxi

2021/01/20

18:32

Mundua

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Joe Biden, AEBko presidente berria: "Demokrazia gailendu da"

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Kamala Harris presidenteorde karguaz jabetu da. Lehen emakumea da kargu horretan. Inbestidura ekitaldia Kapitolioaren kanpoaldean egin dute, segurtasun neurri zorrotzen artean.

2:04
Joe Biden. Irudia: Reuters
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidente berria da jada. Kapitolioaren kanpoaldean, segurtasun-neurri zorrotzen artean, egin du karguaren zina, batasuna eskatuz. Aurrez, Kamala Harris presidenteorde karguaz jabetu da. Lehen emakumea da kargu horretan.

AEBko Konstituzioa "babesteko eta defendatzeko" konpromisoa hartu du. Bere ibilbide politikoan erabili duen Biblia baliatu du karguaren zina egiteko: 1983tik bere familiaren esku dagoen liburu handi bat, hain zuzen ere.  

Azkeneko aldiz 2013an erabili zuen, Barack Obamaren agintaldian AEBko presidenteorde kargua hartu zuenean. Karguaren zina John Roberts Auzitegi Goreneko presidentearen aurrean egin du.

Batasunerako deia egiteko baliatu du bere lehen hitzaldia presidente moduan, eta Kapitolioan izandako erasoaren ondoren "demokrazia gailendu" dela azpimarratu du. Ildo horretan, desadostasun guztiak bide baketsuen bidez konpondu behar direla adierazi du, "gezurrak eta indarkeria baztertuta".

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Donald Trump: "Nolabait itzuliko gara"

Donald Trump ez da ekitaldian izan eta Bidenek ez dio aipu zuzenik egin bere hitzartzean, baina gaurkoa garaipen elektoral bat baino gehiago dela nabarmendu du.  

"Gaur ez dugu hautagai baten garaipena ospatzen, gaurkoan demokraziaren garaipena ospatzen ari gara. Herritarren borondatea bete da", esan du. Demokrazia "hauskorra" dela ohartarazi du, baina, hala ere, "gailendu egin da", adierazi du Kapitolioaren aurkako erasoa gogora ekarrita.    

Eraso hark AEBko politikagintza aztoratu duela ikusita eta herrialdea zatituta dagoela jakinda, Bidenek batasunerako deia berretsi du. "Badakit urruntzen gaituzten indarrak sakonak eta benetakoak direla, baina hori ez da berria", adierazi du Estatu Batuetako historia "askatasunen aldeko borroka iraunkorra" izan dela gaineratuta.

Hala, estatubatuar guztien presidente izan nahi duela eta helburu horrekin "gogotik lan" egingo duela agindu du. Desadostasunak izatea demokrazia batean normala dela esan du, "baina horrek ez gaitu elkarrengandik urrundu behar, egoera baretu egin behar dugu", azpimarratu du.

Gertatutakoak gertatuta ere, trantsizioa gauzatu dela nabarmendu nahi izan du. "Batzuek uste zuten indarkeriaren bidez demokrazia geldiarazi eta herritarren borondatea isilari zitekeela, baina egun batzuk geroago hemen gaude. Hori ez da gertatu eta ez da inoiz gertatuko", esan du.  

Edonola ere, Bidenek ohartarazi du AEBetan asko dagoela egiteko gaurtik hasita eta koronabirusaren pandemiaren edo aldaketa klimatikoaren aurkako borroka aipatu ditu adibide gisa. Ildo horretan, minutu bateko isilunea galdegin du covid-19ak herrialde horretan hil dituen 400.000 lagunen omenez.

BIDEOA | Kamala Harris presidenteordearen kargu hartzea

Kamala Harris, lehen emakume presidenteordea

Bestalde, Kamala Harrisek AEBko presidenteorde kargua hartu du, historia eginez; izan ere, lehen emakumea da kargu horretan, baita lehen afroamerikarra ere. "Zerbitzatzeko prest", idatzi du presidenteorde karguaren zina egin ondoren Twitter kontu ofizialean argitaratu duen lehen mezuan.

Sonia Sotomayor Auzitegi Gorenera iritsi den lehen epaile emakume eta latinoaren aurrean egin du karguaren zina. Dogulas Emhoff senarra ondoan izan du.  

Aurrez, bere ibilbide profesionalean eta politikoan beste urratsa historiko batzuk eman zituen Harrisek: Kaliforniako lehen emakume fiskalburua izan da eta bigarren emakume afroamerikarra Senatuan.

Alderdi Demokrataren primarioetan presidentegai izaten ahalegindu zen. Ez zuen lortu, baina Bidenek 78 urte eta berak 56 dituela kontuan hartuta, inork ez du baztertzen 2024an presidente bilakatzeko aukera izatea. Bien bitartean, paper garrantzitsua jokatuko du inoiz baino emakume gehiago izango dituen AEBko Gobernu berrian.

Publikorik gabe eta segurtasun neurri handiekin

Inbestidura ekitaldia ezohikoa izan da. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, zeremonia bertatik bertara jarraitzeko aukera murriztu dute. Halaber, inoizko segurtasun neurririk zorrotzenak hartu dituzte: 25.000 militar inguru daude Washingtonen.

Hiria alerta egoeran dago, joan den urtarrilaren 6an Kapitolioaren aurka izan zen erasoaz geroztik. Donald Trumpen ehunka jarraitzaile indarrez sartu ziren eraikinean eta bost pertsona hil ziren istiluetan.  

Tradizioa hautsita, Trump ez da zeremonian izan eta Palm Beachen (Floridan) duen etxera joan da. 152 urtean bere ondorengoaren kargu hartze ekitaldira joan ez den lehendabiziko agintaria izango da.

Mike Pence presidente errepublikano ohia, berriz, ekitaldian izan da, AEBko ordezkaritza politikoaren gehiengoarekin batera. Era berean, han izan dira George W. Bush (2001-2009) eta Bill Clinton (1993-2001) presidente ohiak, Laura Bush eta Hillary Clinton bikotekideekin batera.

BIDEOA | Batasuna eta adiskidetzearen aldeko deia eginez hartu du Joe Bidenek kargua

BIDEOA | Trumpek hitzaldi apal batekin esan du agur, bere ondare politikoa defendatuz

BIDEOA | Joe Bidenen kargu hartzean izan diren gonbidatuak

BIDEOA | Lady Gagak AEBko ereserkia abestu du

BIDEOA | Jennifer Lopezek 'This Land Is Your Land' abestia kantatu du

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena