Mundua -
Iraultza arabiarrak
Sirian gerra zibila dagoela adierazi du Errusiak
"Honek benetako gerra zibila ematen du dagoeneko", esan du Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak. Arabiar Estatuen Ligako behatzaileak onartu ditu Siriak.
Erredakzioa
Siriako segurtasun indarren eta oposizioaren arteko liskarrek gerra zibila ematen duela ziurtatu du gaur Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak. Indarkeria gelditzeko eskatu dio Arabiar Ligari Errusiako agintariak.
"Honek benetako gerra zibila ematen du dagoeneko, ondorioz, Arabiar Ligak indarkeria gelditzeko eskakizun zehatzago bat egin behar du", adierazi du Lavrovek, Errusiako albiste-agentziek jakitera eman dutenez.
Siriako krisia era baketsuan konpontzea nahi duten herrialde guztiek "indarkeriarekin amaitzeko eskatu behar dute, baina ez bakarrik Siriako agintariei, baita oposizioko talde guztiei ere", Lavroven hitzetan.
Yemengo agintarien aurrean jarrera ulerkorra izateagatik Mendebaldeko herriak kritikatu ditu Lavrovek. Indarkeria eta liskarren errua soilik Bachar al Asaden erregimenak duela aldarrikatzea leporatu die Mendebaldeko herriei Errusiako buruzagiak.
Siriak Arabiar Estatuen Ligak proposatutako behatzaileak onartu ditu, krisiari aurre egiteko, baina zenbait aldaketa egiteko eskatu du.
Ashton
Bestalde, indarkeria gelditzeko eta Bachar al Asaden dimisioa azkartzeko presio handiagoa egitea eskatu du Catherine Aston Europar Batasuneko diplomaziaren buruzagiak.
"Indarkeria geldiarazteko beharrezkoa den presioa matentzeko dugun gaitasunaren eskuetan dago Siriako etorkizuna. Siriako Gobernuak herria entzun eta erreformekin jarraitu behar du", esan du Ashtonek prentsaurrekoan, Lavrovekin bildu ostean.