Mundua -

Iruzkina

Alemania patrikak betetzen ari da

Alemaniak erabakia hartua du egun indarrean dagoen euroa hondoratzen utzi eta beste berri bat sortzeko, horretan herrialde gutxiago egongo liratekeelarik.

Jesus Torquemada, nazioarteko gaietan aditua. Argazkia: EITB
Jesus Torquemada, nazioarteko gaietan aditua.
Jesus Torquemada, nazioarteko gaietan aditua. Argazkia: EITB

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Banku Zentralak atzo azken orduan Espainiako eta Italiako zorra erosi zuen eta horrek eragotzi zuen zorra are gehiago hondoratzea. Baina egindako keinu hori urrun dago oraindik analista askoren ustez zorraren egungo krisia geldiarazteko eman beharko lukeen urratsarekin, zorra masiboki erostearekin alegia.

Analista horiek bat datoz esatean Alemania dela Europako Banku Zentralari pausu hori ematea galarazten diona, eta horren aurrean bi hipotesi baino ez daude: bata, Alemaniak erabakia hartua duela egun indarrean dagoen euroa hondoratzen utzi eta beste berri bat sortzeko, horretan herrialde gutxiago egongo liratekeelarik; eta bestea, azkenean Europako Banku Zentrari utziko diola zailtasunak dituzten herrialdeei laguntzen. Bitartean, ordea, Alemania bere poltsikoak betetzen ari da Europako gainerako herrialdeak hustutzen ari diren neurrian.

Inbertsoreek ez dute Espainiako eta Italiako zorrik erosi nahi eta geroz eta interes gehiago eskatzen dute Frantziako zorrarengatik ere. Hala ere, denek Alemaniako zorra erosten segitzen dute eta hainbesterainoko eskaria egonda, zor horien prezioa geroz eta baxuagoa da. Alemaniak, beraz, bere bazkideek baino askoz ere merkeago lortzen du finantziazioa. Alemaniako enpresak ere merkeago lortzen dute dirua eta ondorioz prezio hobeetan ekoiztu dezakete italiarrek edo frantsesek baino.

Modu horretan, Europako Banku Zentralean kapital gehiago jarri beharko denean Alemaniak apenas ahaleginik gabe jarri ahal izango du bere zatia eta alemaniarrei zergak igo beharrik gabe gainera. Eta hori da hain zuzen ere Merkelen kezka nagusia, hurrengo hauteskundeetara begira baitago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea