Mundua -
Epaiketa politikoa
Demokratek astelehenean aurkeztuko dute Trumpen aurkako akusazioa Senatuan
Urtarrilaren 6an, bere jarraitzaileek Kapitolioa hartu aurretik, matxinadarako deia egitea leporatzen diote.
agentziak | eitb media
Chuck Schumer AEBko Senatuko gehiengo demokratikoko buruak iragarri du astelehenean aurkeztuko duela Kongresuko Goi Ganberan Donald Trump presidente ohiaren aurkako 'impeachment'eko artikulua, eta bertan leporatzen zaio matxinadarako deia egitea urtarrilaren 6an, bere jarraitzaileek Kapitolioa hartu aurretik.
Hori horrela, Schumerrek berretsi egin du prozesuan aurrera egiteko asmoa dutela Mitch McConnell Senatuko errepublikanoen buruzagiak prozedurak otsailaren amaiera arte atzeratu nahi badu ere. McConnellek dio Trumpi defentsa prestatzeko denbora emateko dela atzerapen eskaera, baina demokratek uste dute denbora irabazteko trikimailu bat besterik ez dela.
"Inor ez dadila erratu, epaiketa bat egongo da AEBko Senatuan, eta bozkatu egingo da presidente ohia zigortu ala ez", adierazi du Schumerrek. Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteari dagoeneko eman diote astelehenean aurkeztuko dituzten karguen berri.
Kongresuko arauen arabera, artikulu hori senatuan aurkeztu ostean, Trumpen aurkako epaiketa hurrengo eguneko 13:00ean hasiko da, hau da, asteartean. Hala ere, Schumer eta McConnel eztabaidatzen ari dira prozesuaren data eta iraupena, buruzagi demokratak Senatuan egindako agerraldian azaldu eta The Hill-ek jaso duenez.
Zail ikusten da zigorra lortzea, soilik bospasei senatari errepublikanok bozkatuko duelako horren alde, hau da, demokratek behar dituztenen erdiek baino gutxiagok.