Mundua -
Siria
Jaurtigaiak Damaskon, agintean dagoen alderdiaren eraikin baten aurka
Hiriburuan oposizioak egin duen lehen erasoan, bi jaurtigai bota dituzte. Bitartean, oposizioaren aurkako errepresioak ez du etenik.
Erredakzioa
Hiriburuan oposizioak egin duen lehen erasoa da. Baaz alderdi agintariaren eraikin baten aurka bi jaurtigai bota dituzte Damasko erdialdean eta hainbat eztanda entzun omen dira.
Ohar batean, Bachar al Asaden aurkariak esan dute eraikinetik kea ateratzen zela eta bertara segurtasun indarrak joan direla.
Baina Siriako atzerri arazoetarako ministroak ukatu egin du Baaz alderdiaren eraikin baten aurka ezer bota dutenik. "Gezur hutsa da", adierazi du.
Bitartean, albiste agentziek 24 hildako aipatzen dituzte larunbateko protestatan.
Gauerdian bukatu da Liga Arabiarrak jarritako epe-muga, baina Bachar al Asaden Gobernuak indarrez erantzuten jarraitu du.
Liga Arabiarrak bake-proposamena egin zion Siriari, ez bazuen elkartetik kanporatzerik nahi. Gauerdian bukatu da proposamenari erantzuteko epea eta adierazpen garbiak egin ditu Al Asadek "The sunday times" egunkarian: "Ez dugu atzera egingo. Gatazkak bere horretan jarraituko du"
Atzerriko esku-hartze militar baten aukerari buruz berriz, Siriako presidenteak esan du lurrikara eragingo lukela Ekialde Hurbil osoan. Zentzuzko inork ez lukela esku-hartu behar, zonaldea hankaz gora jarriko lukeelako.
Bestalde, ez da esku-hartze militarra baztertu, baina Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan bozkatu beharko lukete eta Errusiak eta Txinak jada beto-eskubidea erabiliko dutela aditzera eman dute.
Azken zazpi hilabetean, Sirian 4.000 lagun baino gehiago hil dira.