Mundua -
Bilera Bruselan
Greziak murrizketak gauzatu egingo dituela agindu dio euroguneari
Greziako lehen ministroa Barrosorekin eta Van Rompuyrekin bildu da krisia aztertu eta lurraldeak beharrezkoa duen laguntza desblokeatzeko.
Erredakzioa
Lukas Papadimos Greziako lehen ministroaren hitzetan, batasun nazionaleko Gobernuak idatziz helaraziko dio euroguneari konpromisoak betetzeko bermea.
"Zalantza barik Greziako Gobernu berriak idatziz emango dizkio hartutako konpromisoak", esan du Papadimosek prentsaurreko labur batean Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin bildu ostean.
Papadimosek Barrosorekin eta Herman van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearekin bildu da, Gobernuaren programa azaltzeko eta herrialdeak behar duen 8.000 milioi euroko laguntzari blokeoa kentzen saiatzeko.
Bestalde, Papadimos Jean-Claude Juncker Eurotaldeko presidentearekin bilduko da bihar Luxenburgon.
Europar Batasuneko ikuskatzaileak eta Nazioarteko Diru Funtsa asteburuan bildu dira Gobernuarekin eta alderdi politiko desberdinetako ordezkariekin.
Euroguneko lurraldeek Gobernu teknikoak eta alderdi politikoetako ordezkariek laguntzaren trukean exijitzen zaizkien murrizketak idatzi batean beteko dituztela sinatzea nahi dute, hori da 8.000 milioi euroko laguntza desblokeatu aurretik jartzen dieten baldintza.
Horrez gain, Atenasek hitz emandako erreformak laguntza jaso baino lehen martxan jartzea nahi dute. Evangelos Venizelos Finantza ministroak 2012rako aurrekontuen zirriborroa aurkeztu du eta Papandreuk iragarritako murrizketak martxan jarriz gero besterik ez dela beharko adierazi du. Neurri hoeirk Parlamentuak abenduaren 7an bozkatuko ditu ziurrenik.
Papadimosek 130.000 milioi euroko bigarren erreskate bat negoziatu beharko du Europako buruzagiekin, Greziako zorraren % 50eko barkamena barne.
Monti ere Bruselara joango da
Mario Monti Italiako lehen ministro berria ere Bruselan izango da. Asteartean Van Rompuyrekin bilduko da erreformen egitaraua eztabaidatzeko eta baliteke Barrosorekin ere biltzea, bilera hau baieztatu ez badute ere.