Itxi

2021/02/01

21:13

Mundua

ESTATU-KOLPEA MYANMARREN

Myanmarko Armadak estatu-kolpea eman du

EITB MEDIA | EFE

Militarrek Gobernuko hainbat kide atxilotu dituzte, tartean dago Aung San Suu Kyi buruzagia eta Bakearen Nobel sariduna. Armadak larrialdi-egoera ezarri du urtebeterako.

1:20
Urte baterako hartu dute botorea militarrek. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Armadak estatu-kolpea eman du astelehen honetan Myanmarren, hamar urteko aro demokratikoari amaiera emanez. Militarrek Gobernuko hainbat kide atxilotu dituzte, tartean Aung San Suu Kyi buruzagia eta Bakearen Nobel sariduna, eta larrialdi-egoera ezarri du.

Myanmarko Armadak 1962 eta 2011. urteen artean gobernatu zuen herrialdea, demokraziarako trantsizioa hasi zen arte. Hala ere, militarrek botere handia izaten jarraitu zuten eta gaur estatu-kolpea eman dute, joan den azaroko hauteskundeetan iruzurra izan zela argudiatuta.

2020ko azaroaren 8an egindako hauteskundeen ondotik, astelehen honetan egitekoa zen legegintzaldiko lehendabiziko osoko bilkura Parlamentuan. Bozetan, Suu Kyiren Demokraziarako Liga Nazionala alderdiak garaipen argia lortu zuen.

Balizko estatu-kolpearen inguruko zurrumurrua bolo-bolo zebilen, Zaw Min Tun militarren bozeramaileak asteartean egindako adierazpenen ostean. Izan ere, hauteskundeetan irregulartasunak izan zirela iritzita, ez zuen baztertu boterea hartzeko saiakera egitea.

Estatu-kolpea goizean abiatu dute, hainbat atxiloketa eginez. Suu Kyi buruzagiaz gain, Win Myint Gobernuko presidentea eta beste hainbat ministro atzeman dituzte. Lurralde ezberdinetako gobernuburuak ere atxilotu dituzte.

EFE agentziak eskuratutako informazioaren arabera, ekintzaileak, idazleak, abeslariak edota zinemagileak daude atxilotuen artean.

Militarrek orain arte herrialdeko presidenteorde zen Myint Swe jarduneko presidente izendatu dute eta, ondoren, azken horrek Min Aung Hlaing Armadako buruaren esku utzi du aginte osoa. Myawaddy News militarren gertuko telebista kateak eman du albistea.

Estatu-kolpearen jatorria

Azaroko hauteskundeetan iruzurra izan zela eta harrezkero Hauteskunde Batzordeak neurririk hartu ez duela esanez justifikatu dute estatu-kolpea.

Armadak azpimarratu du larrialdi-egoera urtebeteren buruan amaituko dela "hauteskunde libreak eta justuak" deituta. Herrialdearen agintea hauteskunde horietan gailentzen den alderdiaren esku utziko dutela agindu dute.

Demokraziarako Liga Nazionalak, berriz, oharra argitaratu du Facebooken herritarrei militarren estatu-kolpea ez onartzeko eta mobilizatzeko dei eginez.

"Militarrek berriro diktadurara eramango gaituzte. Herritarrei kolpe militarraren aurka egiteko eta horren aurka irmo egiteko eskatzen zaie", idatzi dute Suu Kyiren izenean.

Komunikazioa moztuta eta atxiloketa gehiagoren mehatxua

Internet eta telefono konexioak hainbat orduz moztuta egon dira, eta telebista-kate bakarra ikusi ahal izan da: militarrena. Halaber, datozen orduetan kazetariak atxilotzeko operazioak izan daitezkeenaren zurrumurruak zabaldu dira.

Myanmarko hiririk handienean, Rangunen, erdigunean poliziak hartuta dago. Hala ere, dendak irekita egon dira eta nolabaiteko normaltasuna izan da.

Goizean, ilara handiak izan dira kutxazainetan, eta asko diru gabe geratu dira. Myanmarreko Banketxeen Elkarteak esan du ixtea erabaki dutela, sisteman arazoak dituztelako eta Internet konexiorik gabe geratu direlako.  

Aireportua ere itxi egin dute, eta maiatzaren 31 arte hegaldiak bertan behera egongo direla esan dute.

Azaroko hauteskundeak

Joan den azaroaren 8an izandako hauteskundeetan Suu Kiyren alderdiak garaipen nabarmena lortu zuen, rohingyen aurka bideratutako jazarpenagatik irudi txarra badu ere.

Demokraziarako Liga Nazionalak Parlamentuko 476 eserlekuen % 83 lortu zituen. Militarrek sortutako USDP Batasunaren, Elkartasunaren eta Garapenaren Alderdiak 33 eserleku baino ez zituen eskuratu.

Harrezkero, militarrek iruzurra izan zela salatu izan dute. Alabaina, Hauteskunde Batzordeak irregulartasunak izan zirela ukatu du beti.

Edonola ere, Armadak botere handia izan du beti Myanmarren: Parlamentuko eserlekuen % 25 dauka eta Barne, Muga eta Defentsa ministerioak kontrolatzen ditu.

Nazioartearen erreakzioa

Nazionarteak gaitzetsi egin du estatu-kolpea, eta atxilotuak askatzeko eskatu du. Europar Batasunak, esaterako, estatu-kolpea kondenatu egin du eta Suu Kyi aske uztea galdegin du, herrialdean gobernu zibila berrezartzeko eskatzearekin batera.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak "gogor" arbuiatu ditu atxiloketak, eta "benetako kezka" agertu du "botere legegilea, betearazlea eta judiziala militarren" esku gelditu delako.

Ameriketako Estatu Batuek ere kezka agertu dute, eta Joe Biden presidenteak, Jen Psaki prentsa idazkaritzaren bitartez, eta Antony Blinken Estatu idazkariak, "gobernuko funtzionario eta gizarte zibileko buruzagi guztiak askatzeko eta Myanmarko herriaren borondatea errespetatzeko" eskatu dute.

Txinak, bere aldetik, "bakea" eta "egonkortasuna" aldarrikatu ditu, "atzerriko esku-hartzerik" izan gabe.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;