Mundua -
HAUTESKUNDEAK KOSOVON
Autodeterminazioa ezkerreko alderdiak aise irabazi ditu hauteskundeak Kosovon
Botoen % 48,1 eskuratu du eta gobernua osatzeko agindua jaso du Albin Kurti buruzagiak.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Katalunian ez ezik, hauteskunde eguna izan dute igande honetan Kosovon. Parlamentua aukeratzeko hauteskundeetan, Autodeterminazioa (Vetevendosje) izeneko ezkerreko alderdiak nagusitasunez irabazi ditu bozak. Boto paperen % 97,14 zenbatuta eta Hauteskunde Batzordeak emandako datuen arabera, botoen % 48,1 eskuratu du Albin Kurti buruzagiak.
Haren atzetik gelditu dira PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoa (botoen % 17,35) eta LDK Kosovoko Liga Demokratikoa (botoen % 13,18).
Gauzak horrela, Albin Kurti hautagaiak jaso du gobernua osatzeko agindua.
Emaitzak ezagutu ostean Albin Kurti hautagaiak eskaini duen prentsaurrekoan, hauteskundeak erreferenduma izan direla eta justiziak irabazi duela azpimarratu du. Haren esanetan, bere lehentasunak "justizia eta enplegua" izango dira. "Bidea luzea da, akatsak ere egingo ditugu, baina gure helburuak zintzoak dira", amaitu du.
Autodeterminazioa alderdiaren garaipena onartu du PDK-ko Enver Hoxhajek, eta "Kosovo indartzeko" lan egiteko deia egin dio. Bestalde, aurreratu du bere alderdiak ez duela gobernu berrian parte hartuko.
Avdullah Hoti LDK-ko hautagaiak ere porrota onartu du eta bere gain hartu du emaitzen ardura. Gainera, "oposizio eraikitzailea" egiteko prest agertu da.
Hauteskunde deialdiaren jatorria 2020ko abenduan hasitako krisi politikoa da. Orduan Kosovoko Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen ez zela legezkoa izan LDK buru zuen egungo koalizio gobernua hautatua izan zeneko bozketa. Horren aurretik, Albin Kurti buru zuen gobernuak 51 egun iraun zituen gobernuan. Oposizioak kargutik kendu zuen iragan martxoan, zentsura mozio baten bidez.