Mundua -

NATOren erasoa

NATOrekin elkarlana gutxituko du Pakistanek

Pakistaneko gobernuak AEBei esan die Washingtonekin eta NATOrekin elkarlana gutxituko duela, izan ere, atzo, Afganistaneko mugan bere soldaduen aurka bertan inoiz ikusi gabeko eraso bat jasan zuten.

NATOko erasoan hildakoengatik hileta. Argazkia: Efe
NATOko erasoan hildakoengatik hileta. Argazkia: Efe
NATOko erasoan hildakoengatik hileta. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NATOk Pakistanen 25 soldadu hil ditu, helikoptero batzuen bidez Afganistango mugatik gertu egindako erasoan.

Eraso honen ostean, Hina Rabbani Khar Pakistaneko Atzerri ministroak Ameriketako Estatu Batuetako bere homologoari, Hillary Clintoni, esan dio NATOrekin elkarlana gutxituko duela.

Bart Pakistango Gobernuak hartutako erabakien artean, besteak beste, NATOko ibilgailuei Afganistanerantz doazen mugak blokeatzea, AEBek herrialdean duten hegazkin-base bat hustea eta NATOrekin elkarlanerako dituen parametroak berrikustea daude.

Pakistanek askotan salatu du Afganistaneko eta nazioarteko indarrek mugan dauden posizioei eraso egiten dietela, baino atzoko erasoa, inoiz bertan egin duten erasorik larriena izan da.

Azken hilabeteetan, gainera, Pakistan eta AEBen arteko harremana hoztu egin da, batik bat Osama Bin Laden hiltzeko operazioa estatubatuarrek bakarrik egin zutelako.

Bitartean, Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari orokorrak "doluminak" eman dizkie hildako soldaduen senitartekoei. NATOko arduradun nagusiak "gertakari tamalgarria" izan dela esan du oraindik ikertzen ari diren bonbardaketari aipamena eginez.

Gertakari honek Ameriketako Estatu Batuen eta Pakistanen arteko harremanetan azken hilabeteetako krisi diplomatikorik handiena eragin du. Dagoeneko nahiko ezengonkorrak dira gainera harremanak, Washingtonek Pakistaneko inteligentzia zerbitzuek Afganistaneko matxinoak laguntzen dituzten susmoa baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea