Mundua -
Argentina
Diktadurako zortzi errepresiogile zigortu dituzte gizateriaren aurkako delituengatik
Buenos Airesko Armadaren Mekanika Eskolan, garaiko tortura zentro handienean, 800 biktima baino gehiago torturatu, hil edo bahitzeagatik ezarri dizkiete zigorrak.
E. G. | EITB MEDIA
Argentinako Justiziak diktadura garaiko (1976-1983) zortzi errepresiogile zigortu ditu 816 biktimari gizateriaren kontrako delituak egiteagatik. Krimenok Buenos Airesko Armadaren Mekanika Eskolan (ESMA, gazteleraz), garaiko tortura zentro handienean, jazo ziren.
Prozesu judizial luze baten ostean, Buenos Airesko 5. Ahozko Epaitegi Federalak biziarteko kartzela zigorra ezarri die Carlos Mario Castellvi ontzigintza-ofizialari, Raul Armando Cabral Polizia Federaleko agente izandakoari eta Miguel Conde 601 Batailoiko inteligentzia-agenteari.
Horrez gain, sei urteko espetxe zigorrarekin kondenatu dute Claudio Vallejos Armadako soldadua. Epaiketak iraun dituen bi urte eta erdian aske egon den bakarra izan da Vallejos. Bestalde, Ramon Roque, Jose Angel Iturri eta Jorge Luis Ocaranza Armadako ofizialorde izandakoei 15 urteko kartzela zigorra ezarri diete.
Epaia bideokonferentzia bidez jakinarazi du Daniel Obligado epaimahaiburuak.
Torturak, hilketak eta bahiketak
Orain zigortutako zortzi errepresiogileek ESMAn jarduten zuten, diktaduran izandako atxilotze zentro klandestino nagusian. Bertan, hainbat delitu egin zituztela ebatzi du epaitegiak: torturak, hilketak, bahiketak eta adingabeak ostea... Uste da 5.000 pertsona baino gehiago pasatu zirela bertatik.
Hiru errepresiogile zigortu dituzte gogorren: Raul Armando Cabral, Carlos Mario Castellvi eta Miguel Conde. Cabrali 400 bahiketa, 60 hilketa, eta 20 bat adingabe atxiki edo ostea egotzi diote. Castellviri hainbat bahiketa, tortura eta hilketa leporatu dizkiote, eta Conderi, galdeketetan adierazpenak torturapean lortzea.
Zigor txikienak Carrillo, Roque, Iturri eta Ocaranzari ezarri dizkiete, delituotan bigarren mailako papera izan zutelakoan. Vallejos, azkenik, Hector Hidalgo Sola buruzagiak bahitzeagatik zigortu dute.
Armadaren Mekanika Eskolako sotoa tortura zentroa zen. Eskolako beste parte batean amaetxe klandestino bat paratu zuten. Han erditu ziren bahitutako 25 bat emakume, eta jaiotako umeak saldu egin zituzten errepresiogileek.