Mundua -
Arazo teknikoak
Boeing konpainiak 777 modeloko hegaldiak bertan behera uzteko gomendatu du
Hegazkin batek airean motorra galdu ondoren hartu dute erabakia.
eitb media
Boeing konpainiak "Pratt & Whitney" motorrak dituzten 777 modeloko hegaldiak bertan behera uzteko gomendatu du, larunbatean horrelako hegazkin batek AEBn istripua izan ostean.
United Airlines konpainiaren hegazkina larunbatean abiatu zen Denvertik (Colorado) Honolulurantz (Hawaii), baina eskuineko motorrak su hartu zuen airean. Agintarien arabera, hegazkinaren zatiak Denver hiriko auzo baten gainean erori ziren.
Abiazio Administrazio Federalaren arabera, hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin zuen Denverko aireportuan, eta "modu seguruan" lur hartu zuen.
Boeingek jakitera eman duenez, gertakariaren inguruko ikerketa sakona abiatu du, eta azaldu du hegazkin horien hegaldiak etenda egongo dira gaia erabat argitu arte.
Japoniak bertan behera utzi ditu jada 777 hegazkinen hegaldi guztiak.