Mundua -
Trantzisioa Egipton
Gobernu berriko ministroek kargua hartu dute Egipton
Ministro berrietako hamabik kargua bete zuten Esam Sharafen aurreko gobernuan. Mohamed Amro eta Adel Abdelhamidek, adibidez, Atzerriko eta Justizia ministerioan egin zuten lan.
Erredakzioa
Kamal Ganzurik gidatzen duen Egiptoko Gobernu berriko kideek gaur hartu dituzte karguak, orain dela aste bi gertatutako protesten ondorioz aurreko gobernuak dimisioa eskatu ostean.
Ministro berriek Hussein Tantaui mariskalaren aurrean egin dute zin, bera baita herrialdeko agintari nagusi eta Egiptoko Militarren Batzordeko buruzagia. Tantaui izan zen azaroaren 25ean Ganzuri lehen ministro bezala izendatu zuena, nahiz eta Tahrir plazako aktibistek eta alderdi politiko gehienek erabaki hau gaitzestu.
Defentsa Ministerioak duen egoitzan egin da inbestidura ekitaldia, eta bertan Gobernu berria osatuko duten 30 pertsonen zerrenda iragarri dute. Nobedade bezala, Gobernu honek lehen ministro ordearen kargua alde batera uztea erabaki du.
Ministro berrietako hamabik kargua bete zuten Esam Sharafen aurreko gobernuan. Mohamed Amrok eta Adel Abdelhamidek, adibidez, Atzerri eta Justizia ministerioetan egin zuten lan.
Ibrahim Yusuf
Segurtasun indarrek Tahrir plazako aktibisten kontrako jarrera bortitza dela eta, polemikaz inguratutako Barne Ministrokargua Mohamed Ibrahim Yusuf jeneralak beteko du. Gizon honen izendapenak kritikak jaso ditu, Ibrahim Yusuf, 78 urtekoa, Hosni Mubaraken garaian gobernuburu izan baitzen, hain zuzen 1996 eta 1999 urteen artean.
Gobernu berriaren iragarpenak hauteskunde prozesu luze batekin egin du topo. Mubarakek kargua utzi zuenetik egin diren lehen hauteskundeetan Parlamentua osatzeko aukera izango dute egiptoarrek.