Mundua -
AFRIKA
Gutxienez 45 hildako Tanzanian, presidente ohiaren agurrean izandako jende pilaketan
Bertako agintariek zabaldutako informazioaren arabera, martxoaren 21an gertatu zen ezbeharra pertsona talde bat Dar es Salaam estadioan sartzen ahalegindu zenean.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Tanzaniako agintariek astearte honetan baieztatu dutenez, gutxienez 45 pertsona hil eta 40 inguru zauritu ziren Dar es Salaam hiriburu administratiboan John Magufuli zendu berria den presidente ohiaren omenez martxoaren 21ean egindako ekitaldi batean. Baieztapen horrekin Gobernuak amaiera eman dio azken egunetan bertako hedabideetan argitaratutako informazio oldeari.
Poliziak azaldu duenez, pertsona talde bat Dar es Salaam hiriko estadiora sartzen ahalegindu zen horretarako prestatutako sarbide nagusiak erabili gabe. "Hildako buruzagiari maitasuna adieraztera joan ziren", esan du Lazaro Mambosasa Dar es Salaamgo Poliziaren buruak.
"Asko ziren, batzuek pazientzia galdu zuten eta sarrera ez ofizialak erabiltzea erabaki zuten. Horrela gertatu zen", esan du Mwananchi egunkari tanzaniarrari egindako adierazpenetan. Gaineratu duenez, 37 zaurituek sendagiria jaso dute dagoeneko.
Magufuli martxoaren 17an hil zen Dar es Salaam hiriko ospitale batean. Bertsio ofizialaren arabera, bihotzeko arazo baten ondorioz hil zen; koronabirusarekin hil dela diote beste batzuek. Hain zuzen ere, koronabirus kasurik ez duen lurralde izendatu zuen presidente ohiak Tanzania.
Pandemiaren kudeaketari buruzko kritikak han eta hemen entzun daitezke; izan ere, Gobernuak ez du koronabirusari aurre egiteko neurririk hartu eta ez du kutsatzeei eta hildakoei buruzko informaziorik ematen.