Publizitatea
Itxi

2021/03/31

21:33

Mundua

Koronabirusa

Frantzia konfinatu eta eskolak itxi egingo dituela iragarri du Macronek

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Neurri berriak larunbatean sartuko dira indarrean eta hilabetez ezarriko dituzte. Lurraldeetatik ateratzea galarazita egongo da eta eskolak eta funtsezkoak ez diren dendak itxi egingo dituzte.

  • Emmanuel Macronek telebista bidez eman du bere erabakiaren berri.

    Emmanuel Macronek telebista bidez eman du bere erabakiaren berri. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak konfinamendu "arina" ezarriko du herrialde guztian, koronabirusaren pandemia izaten ari den hedapena gelditzeko asmoz. Lurraldeetatik ateratzea galarazita egongo da eta eskolak eta funtsezkoak ez diren dendak itxi egingo dituzte.

Neurri murriztaile berriak larunbat gauean sartuko dira indarrean eta hilabetez aplikatuko dituzte.

Telebista bidez emandako agerraldian, Macronek ohartarazi du ospitaleetako zainketa berezietako unitateak gainezka egiteko arriskuan daudela eta apirila "hilabete zaila" izango dela. Horrela, bada, "beste ahalegin bat" egiteko deia egin die herritarrei.

"Egoera orain larriagoa da udazkenean baino; izan ere, aldaera britainiarra kutsakorragoa eta hilkorragoa da", adierazi du.

Orain arte 19 departamentu zeuden konfinatuta, tartean Pariskoa, baina aurrerantzean herrialde guztia itxiko dute.

Funtsezkoak ez diren dendak itxi egingo dituzte eta lurraldeetatik ateratzea debekatuta egongo da, salbuespeneko kasuetan izan ezik. Halaber, herritarrak etxetik 10 kilometroko tartean mugitu ahalko dira gehienez, lanera joateko edo premiazko arrazoiengatik joan-etorriak baimenduta egongo badira ere.

Etxeratze-aginduari dagokionez, ez da aldaketarik izan: 19:00etatik 06:00etara bitartean debekatuta izango da kalea egotea.

Haurtzaindegiak eta lehen hezkuntzako ikastetxeak hiru astez itxiko dituzte; eta bigarren hezkuntzako eskolak eta institutuak, berriz, lau astez.

Itxialdia datorren astean hasiko da eta klaseak telematikoki emango dituzte. Hurrengo bi asteetan, baina, Pazkoa garaiko oporrak izango dituzte.

Haurtzaindegiak eta lehen hezkuntza ikastetxeak apirilaren 26an irekiko dituzte. Alabaina, bigarren hezkuntzako eta institutuko ikasleak beste astebete egingo dute klaseak telematikoki jasotzen, itzulera maiatzaren 5erako aurreikusi baitute.

Bestalde, telelanean aritzerik ez duten gurasoei aldi baterako lan-erregulazioa hartzeko aukera emango diete, eskolak eta haurtzaindegiak itxita dauden bitartean seme-alabak etxean zaindu ahal izateko.

Horrez gain, kaltetutako sektore eta merkatariei zuzendutako laguntzak iragarri ditu Macronek.

 

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena