Mundua -

AIR FRANCE

Frantziak Air France birkapitalizatu eta koronabirusaren krisitik erreskatatuko du

Europako Batzordeak baimena eman dio Frantziari Air France konpainiari 4.000 milioi euro publiko txertatzeko; hegazkin konpainiak, trukean, hainbat konpromiso hartu beharko ditu.

Air Francen Airbus A320 bat aireratzen. Argazkia: EFE
Air Francen Airbus A320 bat aireratzen.
Air Francen Airbus A320 bat aireratzen. Argazkia: EFE

O. P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak iragarri du Gobernuak eta Air Francek akordioa lortu dutela aire-konpainia 4.000 milioiko injekzioarekin birkapitalizatzeko eta, horrela, koronabirusaren pandemiak sortutako krisialditik erreskatatzeko. Akordioak Europako Batzordearen oniritzia eta beharrezko baimena lortu ditu dagoeneko.

Frantziako estatua hegazkin-konpainiaren akzionista nagusi bihurtuko da horrela, ia % 30eko partaidetzarekin. Laguntza bi zatitan banatuko da: batetik, 4 urterako 3.000 milioiko mailegua, zeina, epe hori igarota, Estatuak enpresan duen kapital bilakatu daitekeen; bestetik, zuzenean akzioak erostera bideratutako 1.000 milioi euro.

Le Mairen iritziz, akordioa “ona da Air Francentzat eta frantsesentzat” eta, “estrategikoa” denez, “epe luzerako konfiantza ematen du”. Hala azaldu du Margrethe Vestager Europako Batasuneko Lehiakortasun alorreko presidenteordeak ere; izan ere, txostenean jaso dutenez, Air France birkapitalizatzeak “koronabirusaren pandemiak herrialdean izan duen eragin ekonomikoa kudeatzen lagunduko du”, eta helburu du “ezohiko egoera batean” hegazkin-konpainiaren “balantze eta likidezia berreskuratzea”.

Le Mairek azpimarratu duenez, Estatuaren esku-hartzea "ez da txeke zuri bat", eta Air Francek trukean bete beharko dituen baldintzak zehaztu ditu.

Alde batetik, konpainiak Paris-Orlyko aireportu "saturatuan" ordu-tarteak askatu beharko ditu, beste aire-konpainia batzuei "beren jarduerak hedatzeko" aukera emateko eta, horrela, "bidezko prezioak eta Europako kontsumitzaileek aukeratzeko askatasun handiagoa" bermatzeko. 

Bestetik, Le Mairek azaldu du ontzat jotzen duela enpresa zuzendaritza-taldeko sindikatuekin negoziatzen ari den plan soziala, baina horrek ez duela konpainia errentagarritasun handiagoa lortzeko erabakiak hartzeko arduratik askatzen.

Era berean, Gobernuak ingurumen-arloan ere hobekuntzak eskatuko dizkio, “Ari France planeta gehien errespetatzen duen konpainia” izan dadin. Horretarako, konpainiak “erdira jaitsi beharko ditu 2030erako bidaiari bakoitzeko isurketak, erregai berdeak erabili beharko ditu, bi ordu eta erdi baino gutxiagora trenez bidaiatzeko aukera dagoen kasuetan lineak kendu beharko ditu eta erregai fosil gutxiago kontsumitzen duten hegazkinekin berritu beharko du flota”.

Plana Holandarekin elkarlanean landu da, izan ere, KLM konpainia holandarra eta Air France bazkide dira. Hala ere, KLM laguntzetatik kanpo gelditzen da, Le Mairek argitu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Frantziako Gobernua