Mundua -
Analisia
Fanatismo musulmana Nigerian
Boko Haram izeneko talde batek kristauak kupidarik gabe hiltzen ditu. Talde horren atentatu gogokoenetako bat Eguberri egunean elizetan bonbak jartzea da.
Jesus Torquemada
Nigeria bitan zatitutako herrialdea da. Iparraldean, hausak eta fulaniak bizi dira; hegoaldean, berriz, yorubak eta iboak. Iparraldeakoak, ia guztiak musulmanak dira; hegoaldekoak, berriz, kristauak dira edota Afrikako erlijio tradizionala praktikatzen dute.
Historian beti egon dira aurrez aurre: hausek esklabu iboak eta yorubak bahitzen laguntzen zieten arabiarrei. Duela 50 urte, britainiarren kolonia amaitu zenean eta Nigeriak burujabetza lortu zuenean, estatu beraren barruan geratu ziren hausak, fulaniak, iboak eta yorubak.
Etnia desberdinen arteko tentsioek bere horretan jarraitu dute eta herrialdeko zatiketa politikoa nabarmena da: gaur egungo presidenteak, Jonathan Goodluck kristauak %59-ko babesa jasota irabazi zituen azken hauteskundeak, baina boto gehienak herrialdearen hegoaldean lortu zituen eta iparraldean ez zuen ia ezer jaso.
Iparraldeko hainbat probintziatan, sharia lege islamikoa ezarrita dago, eta esate baterako, adulterioa egotzitako emakumeak harrika hiltzen dituzte. Baina, gainera, Boko Haram izeneko talde bat sortu da; talde horrek kristauak hiltzen ditu kupidarik gabe. Talde horren atentatu gogokoenetako bat Eguberri egunean elizetan bonbak jartzea da. Iaz egin zuen eta aurten berriro egin du.
Ezin da gatazka batetaz hitz egin, meskitekin ez baita inor sartzen, baina Boko Haram tentsioa areagotzen ari da Nigerian.