Mundua -
Bigarren kasua
Olioa erretiratu dute Txinako merkatutik, minbizia eragiten duelako
Hiru konpainia ezberdinen olio produkzioa geldiarazi dute. Ikerketa egiten den bitartean, biltegiak itxi dituzte eta haien lizentziak baliogabetu dituzte.
Erredakzioa
Txinako agintariek sukaldeko olioa merkatutik erretiratu dute, minbizia eragiten duelako. Duela aste bat Txinako esne-industriarik handienak helduentzako esnean minbizia sortzen duen toxina maila altua aurkitu zuen baita ere.
Canton (Guangzhou) probintziako agintariek Fusheng Oil, Manyi Peanut Oil eta Mabao Oil hiru konpainien sukaldeko olioa merkatutik erretiratu dute.
Hiru konpainia hauen olioak aflatoxina maila altua zuen. Onddo ezberdinek produzitzen duten toxina hau hartuz gero, minbizia eragin dezake gizakietan zein animalietan.
Konpainia hauen olio produkzioa geldiarazi du Kalitate Gainbegiratze, Ikuskaritza eta Koarentena Administrazio Nazionalak, elikagaien segurtasunaren arloko organo nagusiak. Biltegiak itxi dituzte eta haien lizentziak baliogabetu dituzte ikerketa egiten den bitartean.
Agintariek ez dakite oraindik merkatura ailegatu den produktuaren kantitatea.