Mundua -
Iruzkina
Turkiak (berriz) urratu du Irakeko subiranotasuna
Irakeko Gobernuak kexua agertu ohi du, baina ez du besterik egiten. Hala jarraituz gero, Turkiak gatazka sortuko du inguruan.
Jesus Torquemada
Ez da lehen aldia izan eta ez da azkenekoa izango ere. Turkiak behin baino gehiagotan hautsi du Iraken burujabetza kurduei eraso egiteko.
Inguru hartan, kurduak 5 herrialdetan banatuta daude: Turkia, Irak, Iran, Siria eta Armenian. Sirian eta Armeniak kurdu gutxi bizi da eta ia ez dute batere arazorik. Iranen ez diete uzten beren eskubide kulturalak gauzatzen, baina azken urteotan ez da izan zapalketa handirik. Gerrila kurdu bat izan bada baina ayatolen erregimenak mendean dauka.
Iraken bizi dira ondoen kurduak. Beren eskualde autonomoa daukate iparraldean eta, eguneroko jardunean, independienteak balira bezalatsu da. Irakeko Armada ez da beren herrialdean azaldu ere egiten eta ekonomia kurduek beraiek eramaten dute.
Gatazka nagusia Turkian dago. Nahiz eta Turkiako Gobernuak onartu dituen kurduen zenbait kultur eskubide, hori ez da nahikoa Kurdistango Langileen Alderdiko gerrilarentzat eta honek soldadu turkiarrei erasoka eta Turkiako hirietan bonbak jarriz jarraitzen du.
Gerrilari horiek mugaz beste aldera jotzen dute babes bila, Kurdistan irandarrera.
Turkiak gerrilaren guneen aurka jotzen du hegazkinez su eginez eta noizean behin, kontrabandoan ibiltzen diren zibilak hiltzen ditu, atzo bezala.