Mundua -

BIELORRUSIA

Bielorrusiak hegazkin bat Minsken lurreratzera behartu du, kazetari bat atxilotzeko

Egindakoak ondorioak izango dituela esan du Europar Batasunak, eta gobernuburuek eta estatuburuek zigorrak jartzea aztertuko dute. Bielorrusiako Gobernuak nazioarteko arauak errespetatu dituela dio.

Bielorrusiak hegazkin bat Minsk hiriburuan lurreratzera behartu du. Argazkia: EFE
Bielorrusiak hegazkin bat Minsk hiriburuan lurreratzera behartu du
Bielorrusiako kazetari kritiko bat atxilotu dute, bere hegazkina desbideratu ostean

1:21

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bielorrusiako Gobernuak jatorria eta helmuga Europar Batasunean zituen hegazkin bat Minsk hiriburuko aireportuan lur hartzera behartu du, Alexandr Lukaxenko presidentearen erregimenarekin kritikoa den kazetari bat atxilotzeko. Aipaturiko gertaerak erreakzio oldea eragin du eta, kritiken aurrean, nazioarteko arauak errespetatu dituela azpimarratu du Bielorrusiako Gobernuak.

Ryanair konpainiaren hegazkinak Atenas (Grezia) eta Vilnius (Lituania) arteko bidea egin behar zuen.

Bonba mehatxu baten berri eman dio Bielorrusiako Gobernuak hegazkineko eskifaiari, eta hegazkin bat bidali du hegazkin komertziala lur hartzera behartzeko. Bielorrusiako hiriburuan lur hartutakoan, bertako zerbitzu bereziek ez dute lehergailurik aurkitu hegazkinean.

Barne Ministerioak jakinarazi duenez, hegaldi horretan zihoan Roman Protasevitx kazetaria atxilotu dute.

Michael O'Leary Ryanairreko buruak salatu duenez, "Estatuak babestutako bahiketa bat izan da... Estatuak babestutako pirateria kasu bat".

"Antza denez, agintarien asmoa kazetari bat eta berarekin zihoan laguna (hegazkinetik) ateratzea zen. Halaber, uste dugu KGBko agenteak ere aireportuan zeudela", esan du Irlandako irrati kate bati egindako adierazpenetan.

Bielorrusiaren azken mugimendu horrek nazioartearen erantzuna eragin du.

Charles Michel Europako Kontseilukoko presidenteak iragarri duenez, "aurrekaririk gabeko gertakaria" da, eta gaur eta bihar egitekoa den ezohiko goi-bileran eztabaidatuko dute. "Ez da ondoriorik gabe geratuko", gaineratu du.

"Aireko garraioari buruzko nazioarteko arauak urratzeak ondorioak izan behar ditu", esan du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, eta gertakaria "guztiz onartezina" dela azpimarratu du.

Errusiak, bere aldetik, Bielorrusiaren jarduna defendatu du eta nazioartearen "hipokrisia" salatu du.

Kritikei erantzunez, nazioarteko arauak errespetatu dituela azpimarratu du Bielorrusiako Gobernuak. "Zalantzarik gabe, eskumena duten gure agintariek nazioarteko arauak errespetatu dituzte", adierazi du Anatoli Graz Bielorrusiako Atzerri ministroak. 

Bielorrusiari zigorrak jartzea aztertuko du Europar Batasunak

Gaur Bruselan egingo duten goi-bileran, Bielorrusiaren aurkako zigorrak aztertuko dituzte Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek.

"Europako Kontseiluan aztertuko dugu egoera. Europar Batasunak ekintza horren ondorioak aztertuko ditu, erantzuleen aurka neurriak hartzea barne", adierazi du Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Politikarako goi ordezkariak ohar batean.

"Bielorrusiako agintariek bidaiarien eta tripulazioaren segurtasuna arriskuan jarri dute hertsatzailea den ekintza horrekin. Nazioarteko ikerketa bat egin beharko da abiazio arauak urratu ote diren argitzeko", esan du Europako diplomaziaren buruak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Batasun europarra Europako herrialdei buruzko albisteak Eguneko albisteak Albisteak