Mundua -

macron ruandan

Macronek onartu du Frantziak "ardura ikaragarria" izan zuela Ruandako genozidioan

Frantziako presidenteak onartu du Frantzia ez zela ohartu "erregimen genozidaren alde jarri zela" gatazka bat saihesten saiatu zenean; halere, azpimarratu du Frantzia ez zela "konplize" izan.

Macron genozidioaren biktimei egindako aitortzan, gaur, Ruandan. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea genozidioaren biktimei egindako aitortzan, gaur, Ruandan.
Macron genozidioaren biktimei egindako aitortzan, gaur, Ruandan. Argazkia: EFE

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ruandara egindako bisita ofizial batean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak onartu du 1994ko Ruandako genozidioan "ardura ikaragarria" izan zuela; 800.000 hildako baino gehiago izan ziren arren, Macronek esan du Paris ez zela sarraskien "konplize" izan.

"Umiltasunez eta errespetuz nago hemen zuokin, gure erantzukizunen zabaltasuna aitortzeko", esan du Macronek Kigaliko Genozidioaren Monumentuan, 250.000 biktimaren gorpuzkiak gordetzen diren lekuan.

Azpimarratu du genozidioaren arduradunek ez zutela "Frantziaren aurpegia; Frantzia ez zen konplizea izan". Hala ere, Ruandan "Frantziak funtzio bat, historia bat eta erantzukizun politikoa" zuela onartu du.

Aitortu du, 90eko hamarkadan "aurretik ez zegoen gatazka batean parte hartu zuenean", Frantziak ez zuela entzun "ohartarazi zutenen ahotsa" edo bere indarra "gehiegi estimatu" zuela, "martxan zegoena geldiaraz zezakeela pentsatu" baitzuen. Gaineratu du Frantzia ez zela ohartu "eskualdeko gatazka bat edo gerra zibil bat saihesten saiatzean erregimen genozida baten ondoan jarri zela". Behatzaile argienen alertei "jaramonik egin gabe", Frantziak erantzukizun ikaragarria du "ondorio latzak izan zituen gatazka batean; hain zuzen ere, horixe zen saihestu nahi zuena".

Ildo horretan, esan du "Frantziako arduradunek ondoren gertatutakoa genozidiotzat jotzeko ausardia eta argitasuna izan bazuten ere, Frantziak ez zuela jakin "ondorioei aurre egiten". "Horren ostean, 27 urtez urrundurik eta elkar ulertu ezinik egon dira, eta hurbilketa saiakerak zintzoak baina alferrikakoak izan dira", esan du.

"Hiltzaileek ez zuten obsesio kriminal bat baino: tutsiak desagerraraztea, tutsi guztiak. Gizon, emakume, heldu eta haurrak. Obsesio horrek gain hartu zion bidean sartu nahi izan zuen orori, baina ez zuen bere helburua inoiz ahaztu", azaldu du.

"Genozidioa ezin da ezabatu. Ezabaezina da. Ez da inoiz amaituko. Ez gara genozidioaren ondoren bizi, berarekin bizi gara, ahal dugun moduan", adierazi du Macronek, eta honakoa gaineratu: "Esaten denez, Ruandan txoriek ez dute abesten apirilaren 7an". "Bizitzaren izenean esan egin behar dugu, izena eman, aitortu", gaineratu du.

Macronek azaldu duenez, "27 urteko sufrimendua" da "oroitzapen antagonikoz beteriko historia intimoa dutenentzat", eta "aitorpenaren eta egiaren aldeko lanarekin jarraituko" duela agindu du, herrialde afrikarrean gertatutakoa zehazteko. Ildo horretan, "artxiboak irekitzea" eskatu du.

"Harreman on" baterako oinarria

Paul Kagame Ruandako presidenteak bi herrialdeen artean "harreman ona eraikitzeko oinarri bat" dagoela esan eta astebetera egin du bidaia Macronek Kigalira, Frantzian 'Duclert Txostena' argitaratu ostean. 1994ko genozidioan Parisek izan zuen pisua aitortzen duen txosten horrek.

"Frantziaren erantzukizun handi eta estugarria aitortu dute. Hori oso handia da, asko esatea da", esan du Kagamek. Bi batzordek, frantziar batek eta ruandar batek, ezarri ahal izan dute egia. Lehen aldiz konbergentzia dago", txalotu du.

800.000 ruandar inguru, horietako gehien-gehienak tutsiak eta hutu moderatuak, hil zituzten muturreko hutuek hiru hilabetez 1994an. Gaur egun, oraindik ere hobi komunak aurkitzen ari dira, bereziki zigorrak bete dituzten kondenatuek euren biktimak lurperatu edo utzi zituzten lekuari buruzko informazioa eman dutenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron