Mundua -
Genozidio kulturala
Indigenentzako barnetegi batean 215 umeren gorpuzkiak topatu dituzte, Kanadan
Biztanleria indiarra indarrez asimilatzeko barnetegietan 4100 hildako baino gehiago zenbatu ditu elkarte batek. Eskola mota horiek XIX. eta XX. mendeetan sortu zituzten.
EiTB Media | Agentziak
1978an itxitako barnetegi batean hobi komuna aurkitu du ikerketa batek Kanadan. Hain zuzen ere, 215 adingaberen gorpuzkiak topatu ditu, indigenak indarrez asimilatzeko eskolan.
India Kamloops Eskolan, Columbia Britainiarrean, dagoeneko lanean ari dira auzitegiko medikuak, heriotzaren arrazoi eta data zehatzak zehazteko, CBC Kanadako telebista publikoak jakitera eman duenez.
Aurkikuntzaren berri Tk'emlups te Secwepemc tribuko buruzagiak eman du. "Orain arte dakigunaren arabera, desagertutako haur hauen heriotzek ez dute agiririk. Batzuek hiru urte bakarrik zituzten", azaldu du Rosanne Casimir Kamloops komunitateko buruzagiak.
Mota horietako eskolak XIX. eta XX. mendeetan sortu zituzten, gazte indiarrak indarrez asimilatzeko. Estatuak finantzatu eta elkarte erlijiosoek kudeatzen zituzten.
Kamloops Kanadako barnetegi handiena zen. 1890ean zabaldu zuen gobernu katoliko batek, eta 500 bat ikasle hartzen zituen, 1950eko hamarkadan. 1969an Gobernu federalak kudeaketa bereganatu eta ikasleentzako egoitza bihurtu zuen, 1978an itxi zuten arte.
Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak onartu duenez, "gure herrialdearen historiako kapitulu lotsagarri baten oroigarri mingarria da".
Carolyn Bennett Harreman Indigenetarako ministroak barnetegiak kritikatu ditu. Politika kolonialaren adibide "lotsagarri" bat direla salatu du. "Arima errugabeei omenaldia egiteko"konpromisoa hartu agintariak.
1863tik 1998ra bitartean, 150.000 indigena adingabe baino gehiago etxetik eraman eta barnetegietan sartu zituzten. Haien hizkuntza erabiltzea edo kultura adieraztea debekatuta zuten, eta tratu txarrak zein abusuak oso ohikoak ziren.
2015ean ikerketa batzorde batek ebatzi zuenez, adingabe asko ez ziren sekula etxera itzuli, beraz, "genozidio kulturala" onartu zuen.
Orain arte proiektu batek 4100 adingabe hildako baino gehiago zenbatu ditu barnetegietan, eta horietariko asko eskoletan bertan lurperatu zituzten.