Mundua -

Europar Batasuna

Bruselak "diru-zorro elektronikoa" proposatu du, Europako NAN digitala izango dena

Nortasunari buruzko datuak eta beste dokumentu ofizial batzuk (gidabaimena, banketxeko kontuaren zenbakia edo unibertsitateko tituluak, adibidez) digitalki gordetzeko balioko luke.

Paris. Argazkia: EiTB
Paris. Argazkia: EiTB
Paris. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak (EB) "diru-zorro elektronikoa" sortzea proposatu du gaur, herritarrek bertan gorde ditzaten nortasunari buruzko datuak eta beste dokumentu ofizial batzuk (gidabaimena, banketxeko kontuaren zenbakia edo unibertsitateko tituluak, adibidez) gordetzeko, Europar Batasuneko estatu guztietan nortasun agiri gisa erabili ahal izateko.

"Europako nortasun digitalari esker, gure estatuan egiten dugun edozer, gainkosturik eta hesirik gabe, beste estatuetan berdin egin ahalko dugu, etxebizitza bat alokatu edo gure herrialdetik kanpo banketxe batean kontu bat ireki, besteak beste", azaldu du Margrethe Vestager eremu digitalaren arduradunak ohar baten bidez.

Europar Batasuneko herritar, egoiliar eta enpresa guztientzat egongo da eskuragarri nortasun froga hori, baina borondatezkoa izango da eta ez du tokian tokiko nortasun agiri elektronikoa ordezkatuko.

Erabiltzaileek Europar Batasun osoan erabili ahalko dute identifikatzeko eta zerbitzu publiko edo pribatuak erabiltzeko, bai fisikoki bai Internet bidez, edo adina edo bestelako informazio batzuk erakusteko.

Bruselak azpimarratu du herritarrek aukera izango dutela partekatzen duten informazioa kontrolatzeko eta horren jarraipena egiteko.

Xehetasun teknikoak oraindik erabakitzeke dauden arren, identifikazio digital hori sakelako telefonoko beste aplikazio batzuen antzekoa izango da, hegaldietako txartelak edo ekitaldietarako sarrerak gordetzeko erabiltzen direnen parekoa, hain zuzen ere.

Estatuek emango dute identifikazio digital hori, edo gobernuek eta administrazioek baimendutako enpresa pribatuek, eta plataforma digital pribatu handienek onartu egin beharko dituzte.

Gaur egun EBko 27 estatuetako 14k soilik dute nortasun agiri elektronikoa, eta, gainera, normalean ez dira erabilgarriak gainerako herrialdeetan, teknikoki zaila delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Albisteak