Mundua -
Interneten eskegitako bideoa
AEBetako soldaduak talibanen gorpuei pixa egiten, bideo batean
AEBetako Armadak Youtuben agertu den bideoaren gaineko ikerketa hasi du. Afganistanen dagoen soldadu talde bat izan daitekeela uste dute soinean daramatzaten uniforme, arma eta kaskoengatik.
Erredakzioa
AEBetako Armadak Internet sarean agertu den bideo bat ikertzen ari dela jakinarazi du. Irudietan, hain zuzen, lau marine estatubatuar ageri dira ustezko talibanen gorpuen gainean pixa egiten.
Irudiak Youtuben zabaldu dira eta Sarean sortu duten zalaparta dela eta, Pentagonoak eta Marineen arduradunek ikerketa hasi behar izan dute.
Soldadu batek beste lau kide grabatu ditu odoleztatutako gorpuen gainean pixa egiten, algara eta berriketa artean. Marine batek gainera "egun ona izan dezazula, laguna", esaten du.
CNN telebista kateak jakinarazi duenez, Pentagonoko arduradunek Afganistango soldadu talde baten irudiak direla uste du, izan ere, bertan erabiltzen diren uniformeak, armak eta kaskoak dituzte soinean.
Bideoak 39 segundo irauten du, eta ez dago argi nork eskegi duen Interneten, ezta noiz grabatu zuten ere.