Mundua -

Alerta maila igo du

Israelek Iranen aurka egin dezakeela ohartarazi dute AEBek

Washingtonek zonaldean dituen soldaduak prestatu ditu, Iranen aurkako Israelen balizko eraso baten aurrean. Gainera, Obamako Administrazioak alerta maila igo du.

Obamak "mezu pribatu eta zuzenak" helarazi dizkie Israelgo agintariei. Argazkia: EFE
Obamak "mezu pribatu eta zuzenak" helarazi dizkie Israelgo agintariei. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako Gobernuak ohartarazi duenez, baliteke Israelek Iranen aurkako eraso militar bat egitea. Horrek Obamaren Administrazioan kezka zabaldu du eta ondorioz, AEBetako egoitzak eta langileak babesteko asmoz, alerta maila igo du, 'The Wall Street Journal' kazetak jakinarazi duenez.

Obamak, Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak eta AEBetako zenbait goi karguk "mezu pribatu eta zuzenak" helarazi dizkiete Israelgo agintariei, Iranen aurkako balizko eraso baten gainean ohartarazteko. Teheraneko Gobernuaren gainean ezarritako zigor ekonomikoek eragina izan arte itxarotea eskatu dio Washingtonek Tel Aviveko Gobernuari.

Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, AEBetako Armada prest dago Israelen balizko eraso baten aurrean "erantzun talde posible bat" emateko.

"Israelen arabera, baliteke zigorren gogortzeak eta mehatxu militar sinesgarri batek konbinatuta Irani asmoa burutik kentzea eta haren proiektu militar nuklearrak bertan behera uztea", nabarmendu du Michel Oren Washingtonen Israelgo enbaxadoreak.

Israelen, AEBen eta Iranen arteko akusazioak azken egunotan areagotu dira, joan den asteazkenean Teheranen izandako atentatu baten ostean. Bertan, Mahmud Ahmadineyad erregimenaren proiektu nuklearrean parte hartu zuen Irango zientzialari gazte bat hil zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea