Mundua -
Festa
Txina dragoiaren urtean sartu da, ilusioa eta beldurra uztartuta
Ekialdeko astrologoen arabera, dragoiaren urtea ez da 2011 bezain gatazkatsua izango; alderantziz, garai ona izango da erreformak eta aldaketak egiteko eta aurrerapausoak emateko.
Erredakzioa
Txinak agur esan dio gaur Untxiaren Urteari eta dragoiarenari ongietorria eman dio. Ilargiko egutegia osatzen duten 12 animalietatik beldur gehiena pizten duena da dragoia, baina itxaropen gehiena ere sortzen du. Urteberriaren jaia Ekialdeko familiek ospatzen duten handiena da.
Aurreko egunetan, txinatarrek euren etxeak garbitu dituzte, zikinkeria eta "espiritu txarrak" ateratzeko. Gainera dragoiaren omenezko apaindurak jartzen dituzte, urte osoan ohore egiteko. Dragoia enperadorearen ikurra da eta txinatarrenan errespeto handia sortzen du.
Dragoiaren urtean jaiotzen diren pertsonek energia eta kemen handia dutela esaten da, eta gogotsuak eta berritzaileak direla: Beethoven, Bill Gates, Paul McCartney eta Bruce Lee, dragoi ospetausak dira.
2011n baino gatazka gutxiago
Ekialdeko astrologoen arabera, dragoiaren urtea ez da 2011 bezain gatazkatsua izango; alderantziz, garai ona izango da erreformak eta aldaketak egiteko eta aurrerapausoak emateko.
Festaren inguruan erritu asko daude, batez ere mahaiaren inguruan egiten dira. Urteari ongietorria ematen diote afarirako menu bereziak eginez: itsaskiak, Jiaoziak (desio onez betetako ravioliak) eta yuanxiao (arroz masaz egindako bola gozoak, sesamoz, intxaurrez edo frijolez betetakoak, familiaren batasuna islatzen dutenak).