Publizitatea
Itxi

2021/07/07

19:18

Mundua

Magnizidioa

Jovenel Moise Haitiko presidentea hil dute

Agentziak | EITB Media

Armatutako gizonak Haitiko presidentearen etxean sartu dira eta tiroz hil egin dute. Halaber, haren emazte Martine Moise zauritu dute. Claude Joseph lehen ministroak setio egoera ezarri du.

  • Jovenel Moise.

    Jovenel Moise, EFEren artxiboko argazki batean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jovenel Moise Haitiko presidentea hil dute gaur goizaldean Port-au-Princen zuen bizilekuan. Armatutako gizonak sartu dira bere etxean eta tiroz hil dute agintaria. Halaber, haren emaztea, Martine Moise, zauritu dute. Ospitale batera eraman dute emakumea, baina ez dute haren egoera zein den argitu.

Oraingoz ez dituzte erasotzaileak identifikatu, baina gazteleraz eta ingelesez hitz egiten zutela zehaztu dute. Testuinguru honetan, Claude Joseph lehen ministroak setio egoera ezarri du.

Hasiera batean, Haitiko legediak 15 egunerako ezartzen du setio-egoera, eta, horren arabera, Indar Armatuak izango dira segurtasunaren bermatzaile nagusiak. Horrekin batera, auzitegi militarrak ezarriko dira eta hedabideak kontrolatzeko ahalmena izango dute, Le Nouvelliste egunkariak iragarri duenez.

Ildo horretan, demokraziaren aldeko "borroka" horrekin bat egiteko eskatu die Josephek alde guztiei. Horrekin, besteak beste, estatubururik ez egoteak eta Parlamentua ez berritzeak sor lezakeen botere hutsunea saihestu nahi du Josephek.

Konstituzioaren 149. artikuluaren arabera, presidenterik ez dagoenean "dimisioagatik, kargugabetzeagatik edo ezintasun fisiko edo mental iraunkorragatik", Ministroen Kontseiluari dagokio, "lehen ministroaren lehendakaritzapean", botere betearazlea egikaritzea, estatuburu berria aukeratu arte.

Hala ere, Konstituzioa, berritzeke dagoena, 60 eta 120 egun arteko epea ezartzen du gobernua berritzeko. Hala ere, salbuespen bat onartzen du presidenteak bere azkeneko urtea duenean, Moiseren kasuan bezala. Halakoetan, Asanblea Nazionalak behin-behineko agintari bat aukeratzeko ahalmena izango luke, Haiti Libre hedabideak azaldu duenez.

Krisi politikoa

Haitik krisi politiko gogorra bizi du 2018ko erdialdetik, eta bere unerik larriena bizi izan zuen iragan otsailaren 7an. Egun horretan, Moisek salatu zuen oposizioa, hainbat epaileren babesarekin, estatu-kolpe bat prestatzen ari zela.

Aldi berean, herrialdea segurtasun-krisi sakona pairatzen ari da azkenaldian, bereziki ekainaren hasieratik larriagotu dena Port-au-Princeko auzo pobreenen kontrola jokoan duten indar armatuen arteko lurralde borroken ondorioz.

Giza Eskubideen Azterketa eta Ikerketarako Zentroaren txosten baten arabera, 150 pertsona baino gehiago hil eta beste 200 bahitu dituzte ekainaren 1etik 30era bitartean.

Mugen itxiera

Haitiko muga itxiko duela iragarri du Dominikar Errepublikak. Halaber, Luis Abinder presidente dominikarrak erasoa gaitzetsi du, eta Armadako buruzagi nagusiak deitu ditu egoerari aurre egiteko. Era berean, larrialdiko bilera bat egingo duela adierazi du, azken gertakarien aurrean zer egin erabakitzeko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;