Mundua -
Iruzkina
Abiatu da Eskoziako independentziari buruzko eztabaida
Salmnodek galdera argia egiten badu ere, independentzia bai ala ez, Eskoziako gizartean galdera alternatibo bat jarri ala ez erabakitzeko eztabaida hasiko da: independentzia ala autonomia gehiago.
Jesus Torquemada
Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiak zabalik utzi du Eskoziaren balizko independentzia baterako bidea. 2014ko udazkenean horren gaineko erreferenduma deitzeko borondate sendoa agertu du. Oraindik gai asko dago argitzeko, baina Salmondek jada zehaztu du egingo den galdera argia izango dela: independentzia bai ala ez.
Hala ere, Eskoziako gizartean eztabaida zabaldu da ikusteko ea beste galdera bat sartzea posible den: independentzia ala autonomia gehiago aukera jasotzen duena.
Horrez gain, negoziazio korapilatsuen aroa zabaldu da Londresekin. David Cameron lehen ministro britainiarrak ez du onartzen Eskoziako Parlamentuak erreferenduma deitzeko gaitasuna izatea, deialdi hori Parlamentu britainiarrak egin beharko lukeela baitio.
Erresuma Batuan Konstituzio idatzirik ez dagoenez, dena interpretatu eta negoziatu liteke. Dena den bermatua dirudi eztabaida hori zibilizatua izango dela. Eskoziaren independentziaren aldeko aldarrikapenak ez du inoiz indarkeria pasarterik izan eta hori gogora ekarri nahi izan zuen hain zuzen ere atzo Salmondek.