Mundua -

Zibererasoak Microsoften aurka

Zibererasoak gelditzeko neurriak har ditzala eskatu diote EBk, NATOk eta AEBk Txinari

Europar Batasunak eta NATOk adierazi dute erasoak Txinatik egin direla. Ameriketako Estatu Batuek, berriz, zibererasoen atzea Pekingo Gobernua dagoela salatu dute.

Microsoften irudi bat. Artxiboko argazkia: EFE
Microsoften irudi bat.
Zibereraso erraldoia leporatu diote Txinari EBk, AEBk eta NATOk Microsofti egindako erasoagatik

1:4

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Microsoften aurka munduko herrialde ezberdinetan izandako zibererasoak Txinatik burutu direla salatu dute Europako Batasunak eta NATOk, eta gertakaria iker dezala eskatu diote Pekingo Gobernuari. Ameriketako Estatu Batuak harago joan dira eta zibererasoen ardura Txinari egotzi diote.  

Josep Borrell Atzerri Politikarako ordezkariak sinatutako gutun baten bidez, 27ek ohartarazi dute zibereraso horiek Europar Batasuneko ekonomian, segurtasunean eta demokrazian eragina izan dutela. "Europar Batasunak egiaztatu du erasoak Txinatik egin direla", erantsi dute.  

Horrenbestez, gertakaria iker dezala eta, nazioarteko segurtasun araudia betez, horrelako erasorik berriro jazo ez dadin neurriak har ditzala eskatu diote Pekingo Gobernuari.

Edonola ere, Europar Batasunak ez dio ardura zuzena Txinari leporatu eta zibererasoen atzean Txinan jarduten duten bi hacker talde ezberdin daudela adierazi du.

NATOk ere saihestu egin du Txinari ardura egoztea, baina irmotasunez jokatzeko eta nazioartean hartutako itunak betetzeko galdegin diote.

Eraso horren helburua Europako eta Ameriketako herrialdeen segurtasuna kolokan jartzea izan dela eta horrek herritarren egunerokoak eragina duela salatu du ohar batean NATOk.  

Bestalde, Ameriketako Estatu Batuek salatu dute "jarduera zibernetiko maltzur" horien atzean Txina dagoela eta jarrera arduragabea izate aurpegiratu diete herrialde horretako agintariei.

Hala, Estatu Batuek eta bere aliatuek neurriak hartzen ari direla azpimarratu dute. "Hau guztia mehatxu handia Estatu Batuentzat, segurtasun nazionalarentzat eta ekonomiarentzat", adierazi du Etxe Zuriko goi-kargu batek.  

Microsoften kontrako zibererasoa joan den martxoan gertatu zen. Mundu osoko 250.000 sistema informatikorengan izan duela eragina uste dute. Enpresa informatiko estatubatuarrak hasieratik egotzi zion ardura Txinari. Orain Europar Batasuna, NATO eta AEBak gehitu dira salaketa publiko horretara.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Txina NATO Eguneko albisteak Albisteak Microsoft Zibererasoak