Mundua -

UHOLDEAK TXINAN

12 pertsona hil dira eta milaka ebakuatu dituzte Txinan eurite gogorrengatik

Zhengzhou hiriko metro sarea urez bete da, eta ehunka pertsona harrapatuta geratu dira; horietako hamabi hil egin dira. 100.000 lagun ebakuatu dituzte. Suhiltzaileak eta Txinako Armadako 6.000 kide baino gehiago ari dira erreskate lanetan.

Autoak urpean, Txinako Zhengzhou hirian. Sare sozialetan ikusitako irudia.
Autoak urpean, Txinako Zhengzhou hirian.
Gutxienez 12 pertsona hil dira Txinako erdialdean, euriteen ondorioz

0:40

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez hamabi pertsona hil dira Txinako Henan probintziako Zhengzhou hirian (herrialdearen erdialdean) euriteek eragindako uholdeen ondorioz, eta 100.000 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte bertatik.

Euriaren ondorioz, agintariek autobus zerbitzuak gelditu dituzte, ibilgailuak argindarrarekin dabiltzalako. Reuterseko lekuko baten arabera, orduan "jende askok metroa hartu du eta, sarea urak hartu duenean gertatu da ezbeharra", hor hil baitira 12 pertsona horiek. Metro sarean harrapatuta gelditutako 500 pertsona baino gehiago onik atera dituzte.

CGTN Txinako telebista kateak jaso duenez, Suhiltzaileak eta Txinako Armadako 6.000 kide baino gehiago zabaldu dira hirian eta probintzia osoan izan diren ekaitz latzei aurre egiteko erreskate lanetan parte hartzeko.

Beste ehunka lagun hotel batean harrapatuta gelditu dira, eta ehun bat ehun bat erreskatatu dituzte oraingoz; erreskate lanak, baina, ez dituzte bukatutzat eman.

Era berean, eskola batean harrapatuta geratutako 150 haur eta irakasle baino gehiago erreskatatu dituzte.

Euriteek mozketak eragin dituzte argindar horniduran, Zhengzhouko Unibertsitate Ospitaleko zainketa intentsiboen unitatean, besteak beste, eta, ondorioz, larri zeuden 600 paziente ebakuatu behar izan dituzte, nahiz eta argindarra asteazken goizean berrezarri den.

Halaber, ehun tren zerbitzu baino gehiago geldiarazi dituzte hiriaren ekialdeko tren geltokian, bidaiari kopuru handia zerbitzurik gabe utziz, eta, Zhengzhou herrialdeko trenbide korapilo garrantzitsu bat denez, beste hiri batzuen arteko joan-etorriak ere kaltetu dira. Gainera, hegaldi guztiak bertan behera geratu dira, gutxienez, asteazken eguerdira arte.

Txinako meteorologo adituen arabera, "mila urtean behin" baino ez da ikusten Zhengzhou inguruan hiru egunetan botatako adinako euria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Uholdeak Asia Hondamendi naturalen biktimak Gaurko itotzeak