Mundua -
Tokio 2020
Hainbat eskandaluk Tokioko Olinpiar Jokoen hasiera zikindu dute
Jokoak antolatzearen arduradunak mota guztietako zalapartetan nahasita egon dira egunotan. Adierazpen matxistetatik hasita, askotarikoak izan dira lekuz kanpoko “txantxak”, hala nola holokaustoari eta ezinduei egindako eskola-jazarpenei buruzkoak.
Agentziak | EITB Media
Tokioko Olinpiar Jokoen hasiera zikintzen ari diren hainbat eskandalu agerian gelditu dira azken egunotan. Horien artean, azkenengoa izan da inaugurazio-ekitaldiaren arduradunetako baten dimisioa eragin duena, Jokoei hasiera emateko bezperan bertan.
Pandemia bete-betean, Jokoak osasun-krisiaren erdian egiteak nahigabea eragin du Japonian. Horrez gainera, Tokio 2020 batzorde-antolatzailea denen ahotan egon da uneoro, bere akatsengatik edo herritarren haserrea pizteko moduko gaiekiko sentsibilitaterik ezagatik.
Adierazpen matxistetatik hasita, holokaustoari buruzko txantxetara eta ezinduei egindako eskola-jazarpenari buruzko iruzkin "barregarrietara", Jokoak antolatzearen arduradunak mota guztietako zalapartetan nahasita egon dira egunotan.
Azkeneko eskandalua, eta desegokiena, inaugurazio-ekitaldiaren bezperan jazotakoa izan da. Horrek ekitaldia antolatzeko funtsezkoak diren pertsona bi zipriztindu ditu: zuzendari artistikoa eta musika-konpositoreetako bat; Japonian ikur artistiko ezagunak dira biak.
Keigo Oyamada musikari japoniarrak sormen taldeko kide izateari utzi dio, 90eko hamarkadaren erdialdean egindako elkarrizketa batzuk berriz azaleratu eta gero. Horietan, haurtzaroan desgaitasunen bat zuten ikaskideei tratu iraingarriak egin zizkiela kontatu zuen, barrezka.
Adierazpen horiek sare sozialetan zabaldu izanak kritika ugari eragin ditu japoniarren artean, eta, azkenean, dimisioa eman du, baita barkamena eskatu ere, "ekintza oso heldugabeengatik".
Ildo berean, Kentaro Kobayashi irekiera- eta itxiera-ekitaldien eszena-arduradunak dimisioa eman behar izan zuen grabazio zahar batzuk sarean zabaldu ondoren.
1998ko esketx umoretsu batean, Kobayashi eta bere kidea txantxetan ari ziren esanez pertsonak irudikatzen dituzten paperezko irudiz jositako estadio bat bete behar zutela, ondoren "holokausto bat egitera" jolasteko.
Simon Wiesenthal Center giza-eskubideen erakunde juduak, AEBetan egoitza duenak, ohar bat igorri du esanez txantxa hori "antisemitikoa" dela, eta azpimarratuz "Kobayashiren eta Tokikoko Jokoen arteko edozein harremanek sei milioi judu irainduko" lituzkeela, "baita paralinpiarren burla krudel bat izango litzatekeela ere".
Antolatzaileak, ezbaian
Hainbat analistaren arabera, eskandalu horiek Japoniako gizarteak pairatzen dituen arazo batzuk azaleratzen dituzte, hala nola ezgaituen aurkako aurreiritziak, emakumeekiko diskriminazioa eta eskola-jazarpena.
Beste batzuen iritziz, ordea, pandemiak eragindako urtebeteko atzeratzeak Jokoen antolatzaileak erdigunean jarri izana eragin du.
Dena dela, argi dagoena da bata bestearen atzetik sortu diren eskandaluek antolatzaileengan eragin handia izan dutela eta Tokio 2020ren izen ona zikindu dutela. Gainera, horren ondorioz, besteak beste, bihar, ostiralean, Tokioko Estadio Olinpikoan egitekoa den inaugurazio-ekitaldian azken orduko doikuntzak egitera behartuta ikusi dute euren burua antolatzaileek.