Itxi

2021/07/30

07:52

Mundua

AEB

Txertoa jartzera derrigortu nahi ditu Bidenek Gobernuko langileak

Agentziak | EITB Media

Txertatu ezean, beharginek testak egin beharko dituzte aldizka. Halaber, herritar guztiek euren dosia hartzera animatzeko, AEBko presidenteak 100 dolarreko saria eman nahi die txertoa hartzen dutenei.

  • Joe Biden AEBetako presidentea.

    Joe Biden AEBetako presidentea. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Joe Biden AEBko presidenteak ostegun honetan iragarri duenez, txertoa jarri ez duten Gobernuko langile guztiak behartuko ditu aldizka testak egitera, eta ez du baztertu etorkizun hurbil batean nazio-mailan txertoa jartzeko agindua ematea.

Militar guztiei txertoa jartzeko betebeharra ere ezarri dio Bidenek Pentagonoari; izan ere, delta aldaerak kutsatuen gorakada larria eragin du herrialde horretan, eta malgutze-neurri batzuk atzera botatzera behartu du horrek.

Hala, txertoa hartuta dutela baieztatzen ez dutenek musukoa eraman beharko dute lanera, eta covid-19a detektatzeko testak egin beharko dituzte astero edo astean bitan; gainera, segurtasun-tarteak gorde beharko dituzte eta, oro har, debekatuta izango dute bidaia ofizialetan parte hartzea.

Neurri horiekin, txertaketa-kanpaina bultzatu nahi du Bidenek; izan ere, kanpaina hori nabarmen moteldu da azken bi hilabeteetan, eta herritarren % 49 baino ez dago guztiz immunizatuta.

Presidente gisa, Bidenek Gobernuko langileei agindu bat eman nahi die, baina Etxe Zuriak esan du legez ez duela ahalmenik gauza bera egin eta estatubatuar guztiak txertoa hartzera behartzeko. Hala ere, Bidenek berak bere aholkularien kontra egin zuen ostegunean, eta nazio-mailan agindu hori emateko bidea aurkitzeko aukera zabalik utzi zuen.

Oraingoz, presidenteak esan du estatuek, herriek eta enpresek badutela, Justizia Departamentuaren arabera, euren jurisdikzioetan txertatzeko agindua emateko boterea, eta hori gero eta gehiago gertatzen dela ikustea "gustatu" egingo litzaiokeela gaineratu du.

Gainera, Bidenek proposatu du estatuek, lurraldeek eta herriek 100 dolarreko saria ematea txertoa hartzen dutenei, Gobernuak onartutako erreskate paketean jasotako dirua erabilita. New York hiria izan lehen erabaki hori hartzen lehena, asteazken honetan hasi baita txertoa hartzen dutenak saritzen.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;