Mundua -
MigratzaileAK
Sizilian 500 migratzaile baino gehiago porturatzeko baimena jaso du Ocean Vikingek
1.200 pertsona inguru hil dira aurten Europa hegoaldeko kostaldera iritsi nahian.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sos Méditerranee gobernuz kanpoko erakundeak larunbat honetan baieztatu duenez, Ocean Viking itsasontziak azken egunetan erreskatatu dituen ia 550 migratzaileak azkenean Siziliako Pozzallo portuan lehorreratu ahal izango dituzte.
Migratzailerik ahulenetako batzuek jada itsasontzia utzi zuten arreta medikoa jasotzeko, baina oraindik 36 emakume daude ontzian, horietako hiru haurdun, eta 118 adingabe, horietatik 94 lagundu gabe.
"Ocean Viking ontziari esker bizirik atera diren 549 lagunentzako lasaitasuna: Pozzallon lehorreratuko gara, Sizilian, bihar", azaldu du SOS Méditerraneek Twitterren duen kontuan..
"Hau gehiegitan gertatu da azken hiru urteotan: erreskatatuak, lehorreratzeko egun batzuen zain, osasun fisikoaren eta mentalaren kaltetan", deitoratu du gobernuz kanpoko erakundeak, 'portu seguruaren' protokolo geldoari buruz.
"Itxaronaldi horrek izaera ankerra du, eta ezin da arau bihurtu", gaineratu du SOS Méditerraneek. "Europako herrialdeek berehala suspertu behar dute lehorreratze mekanismo baten aldeko prozesua", esan du Twitterren duen kontuan.
Ordu batzuk lehenago, Sea Watch GKE alemaniarraren Sea-Watch 3 ontziak Italiako Trapani hiriko portuan 257 migratzailerekin porturatuko dela iragarri du.
"Pozik gaude azkenean portu seguru bat lortu dugulako. Gure gonbidatuek portura jaitsi ahal izan baino lehen, ontzian dauden 257 pertsona erreskatatu guztiei covid-19aren probak egingo dizkiete", adierazi dute.
1.200 pertsona inguru hil dira Europa hegoaldeko kostaldera iritsi nahian aurten, horien artean 980 baino gehiago hil dira Mediterraneoaren erdialdean, Libia eta Tunisia Italiarekin eta Maltarekin lotzen dituen eremuan, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak bere webgunearen bidez argitaratutako datuen arabera.