Mundua -
fiesta ilegal en Italia
10.000 lagun eta hildako bat, Italian egin den legez kanpoko festa 'rave' batean
Jaia abuztuaren 15ean hasi zen. Tokiko agintariek eta hedabideek jakitera eman dutenez, hildako bat ez ezik, bortxaketak ere izan dira, baita koma etilikoagatik ospitaleratu dituztenak, eta beroak jota eta gosez hil diren txakurrak ere.
o.p. | eitb media
Europako 10.000 lagun bildu dituen legez kanpoko 'rave' jai erraldoi bat amaitu da Italian. Mezzano lakuaren ertzean dagoen eremu pribatu batean, Lazio eskualdean (Italiako erdialdea) egunak zeramatzan jaiak martxan. Eta bart inguru horretatik ateratzen hasi da jendetza, festaren inguruko polemika betean, eta festako parte-hartzaile bat aintziran itota topatu ostean. poliziak jakitera eman duenez.
Segurtasun indarrek (Toskanako Karabineroak, tokiko eta probintziako agenteak eta poliziaren helikoptero bat) parte-hartzaileen irteera zaindu dute eta horietako batzuk identifikatu dituzte. Jakinarazi dutenez, 250 pertsona inguru geratzen dira eremu horretan, antolatzaileek abuztuaren 15ean hasi eta 10.000 pertsona inguru bildu zituen jaiarekin amaitzea erabaki ostean.
Stefano Bigiotti Valentanoko alkateak gogor kritikatu du abuztuaren 23ra arte legez kanpo jarraitzea espero zuten festa, "tokiko komunitate osoaren segurtasuna arriskuan jartzeagatik, ez bakarrik larrialdi epidemiologikoarekin lotutako arrisku handiengatik", baita ingurumenean izan ditzakeen kalteengatik ere.
Alkateak adierazi duenez, "ekimen zital eta lotsagarri honen errudunak identifikatu eta justiziaren aurrera eraman ahal izatea nahi dugu".
Hildako bat eta hainbat gertakari
Polemika areagotu egin zen 25 urteko mutil italiar-ingeles bat hil zela jakin zenean. Haren gorpua urpekariek aurkitu zuten lakuan, eta haren lagunek baieztatu zutenez, gauean sartu zen uretan mutila, polizia iturrien arabera.
Hala eta guztiz ere, jaia ez zen gelditu eta bost lagun ospitaleratu dituzte koma etilikoengatik eta droga kontsumoagatik.
Gainera, "La Repubblica" egunkariak jakitera eman duenez, hiru bortxaketa salaketa egon dira, eta beroagatik eta goseagatik hil diren txakurrak ere ikusi dituzte.
Ospitaleratutako batek positibo eman du koronabirusagatik, egunkariak gaineratu duenez.
Erantzukizunak
Matteo Salvini Ligako liderrak eta beste hainbat politikarik erantzukizunak eskatu dizkiote Luciana Lamorgese Barne ministroari, egoera "erabat kontroletik kanpo" egon delako.
"La Repubblica" egunkariak Giancarlo Sant 'Elia Gobernuak Viterbon duen ordezkariaren hitzak jaso ditu. Hark azaldu duenez "hustea ezinezkoa" zen, "milaka parte-hartzaile baitziren 30 hektareako azaleran sakabanatuta".
Orain, Udalak lurra garbitu eta kalteak aztertu beharko ditu. "Basozainek esan digute zabor asko egongo dela. Baina, nola arduratzen da 3.000 biztanleko udalerri bat 15.000 biztanlek uzten duten zaborraz? Ez dugu baliabide nahikorik ", deitoratu du alkateak.