Mundua -
Asia
Maldivetako presidenteak dimisioa eman du Estatu kolpe baten ondoren
Mohamed Wahid presidenteordeak hartuko du agintea. Oso nahasita dago herrialdearen egoera Maleko kaleetan izaten ari diren protesten gorakadaren ondorioz.
Erredakzioa
Mohamed Nashid Maldivetako presidenteak dimisioa eman du Poliziak Estatu kolpea eman ostean.
Matxinatuek Maleko (Maldivetako hiriburua) telebista publikoaren egoitza hartu dutela aitortu ondoren eman du prentsaurrekoa Nashidek dimisioaren berri emateko.
Horren aurretik, Gobernuak agiria kaleratu du herritarrei "lasaitasunerako" deia egiteko eta hiriburuan "bakea eta egonkortasuna bermatzeko" ahal dutena egiten ari direla azpimarratzeko.
Mohamed Hussein Sharif oposizioko Alderdi Progresistako bozeramaileak azaldu duenez, Mohamed Wahid presidenteordeak hartu du orain agintea.
Oso nahasita dago herrialdearen egoera Maleko kaleetan izaten ari diren protesten gorakadaren ondorioz. Manifestazioak duela hiru aste hasi ziren, Gobernuak eskatuta epaile bat atxilotu eta gero.
Nashid 2008ko urrian aukeratu zuten presidente, alderdi anitzeko lehenengo hauteskundeetan, Maumun Abdul Gayumen 30 urteko Gobernu autokratikoa amaituta.
Konstituzioaren erreforma batek ireki zien bidea hauteskundeei eta botere banaketa ezarri zuen turismotik bizi den herrialdean.