Mundua -
Hitzarmen historikoa
AEBetako bost bankuk hipoteka gehiegikeriak ordaindu beharko dituzte
AEBetako bost banku handienetarikoek 18.800 milioi euro ordaindu beharko dizkiote Gobernuari hipoteken inguruko jardunbide desegokiek eragindako kalteak ordaintzeko.
Erredakzioa
"Akordioa abiapuntua da. Bankuek beren partea betetzen dutela egiaztatuko dugu", esan du Barack Obama AEBetako presidenteak Etxe Zurian egindako agerraldian.
Obamak "historikotzat" jo du kalte-ordainak zehazten dituen akordioa, eta, tabakoaren industriarekin akordioa lortu zutenetik, AEBetako estatu federaletako eta estatu-mailako agintariek eta sektore ekonomiko batek adostu duten garrantzitsuena dela esan du. Horri esker, gainera, "arduragabekeria nagusi izan den aro bat" ixten lagunduko du, Obamaren arabera.
Bankuek ordainduko duten diru gehiena (12.800 milioi euro) maileguak moldatu behar dituzten pertsonei berehala laguntzeko izango da.
2.257 milioi euro gehiago ordainketak egunean izan arren euren hipoteken balioa euren etxebizitzarena baino handiagoa dutenen zorra birfinantzatzeko izango dira.
Halaber, 1.128 milioi euro etxea galdu duten 750.000 jabeei emango dizkiete, eta estatuek ere dirua jasoko dute hipotekak exekutatzearen aurrean hiritarren babesa indartzeko.