Mundua -
Indian
'Sorgin' bat lintxatu dute gaixo bat osatzeko gai ez izateagatik
Poliziek emakumearen hilotza aurkitu zuten basoan, ostegun gauean. Harekin batera beste bi emakumezko zeuden; "sorginaren" laguntzaileak, antza.
Erredakzioa
Herritarren talde batek emakumezko bat lintxatu du Indian sorginkeriaren bidez gaixo bat osatzeko gai ez izateagatik. Gertaera Sabrum barrutian izan da, Indiako ekialdean, Poliziako iturri batek Eferi esandakoaren arabera.
Segurtasun indarrek 12 pertsona atxilotu dituzte emakumearen hilketarekin zerikusia dutelakoan. Hildakoak 60 urte sitúen eta Dharamsri zuen izena, Poliziaren arabera.
IANS tokiko albiste agentziak zabaldu duenez, agenteek ostegun gauean aurkitu zuten emakumezkoaren hilotza, basoan. Beste bi emakumezko ere aurkitu zituzten, "sorginaren" laguntzaileak, antza. Bi emakumeak herritarren erasoa jasan zuten eta zauri larriak zituzten.
Hilotza erre
Iturrien arabera, atxilotuetako batek onartu egin du asmoa emakumezkoaren hilotza erretzea zela, baina Polizia agertu zen eta ezin izan zuten pentsatutakoa bete.
Indiako tribuen lurraldeetan (ekialdekoetan, batez ere) gizakien sakrifizioak eta ustez sorginkerietan dabiltzan emakumezkoen lintxamenduak noizean behin egiten dira, zenbait gobernuk horren kontrako kanpainak egin arren.