Publizitatea
Itxi

2021/09/06

07:54

Mundua

Mendebaldeko Afrika

Militar talde batek estatu-kolpea eman du Ginean

EITB Media

Alpha Condé presidentea atxilotu, eta Konstituzioa eta Gobernua bertan behera utzi dituzte.

1:11
Alpha Conde, kolpisten eskuetan
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Goizean goizetik, tiro-hotsak entzun ziren igandean Konakryn, Gineako hiriburuan. Izan ere, Armadako Indar Berezien Taldeko militarrek Alpha Condé presidentea atxilotu zuten, eta, ondoren, Konstituzioa eta Gobernua bertan behera utzi zituzten.

Mamady Doumbouya koronela (Frantziako Armadako legionario ohia) da eliteko talde horretako buru, eta berak zabaldutako bideo batean iragarri duenez, "indarrean dagoen Konstituzioa eta 1958an Frantziatik independizatu zen estatu horretako Gobernua desegitea" adostu zuten militarrek.

Trantsizio "inklusiboa eta baketsua"

Doumbouyak agerraldia egin du Estatuko telebistan, hainbat soldadu eta bandera nazionala ondoan zituela, "Elkartze eta Garapen Batzorde Nazionala" sortu dutela jakinarazteko, "trantsizio inklusibo eta baketsu bat irekitzeko kontsulta nazional bati hasiera emateko".

Koronelak estatu-kolpea justifikatu du esanez bertan dagoen "printzipio demokratikoekiko errespetu faltagatik, administrazio publikoaren gehiegizko politizazioagatik, finantza kudeaketa txarragatik, pobrezia endemikoagatik eta ustelkeriagatik" egin dutela.

Nazioartean eragina izan du estatu-kolpeak, eta Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia izan da lehenengoa erantzuten. Twitter sare sozialean esan duenez, "gobernu batek indarrez hartutako ekintza oro gogor deitoratzen ditut", eta Condé "berehala askatzeko" eskatu du. Ildo beretik jo du Frantziako Gobernuak, "ordena konstituzionalera bueltatzeko eta presidentea berehala eta baldintzarik gabe askatzeko" eskatu baitu.

Hirugarren agintaldi irregularra

Condé 2010eko abenduaren 21ean iritsi zen boterera, 2008ko abenduaren 23ko kolpe militarraren ondoren, Lansana Conté hil eta gutxira.

Boterea hartu zuen batzar militarrak, Moussa Dadis Camara kapitainaren agindupean, herrialdea zuzendu zuen 2010. urtearen amaierara arte, bigarren itzuli batean Condé nagusitu zenera arte, hain zuzen ere.

Urriaren 18an, Ginean presidentetzarako hauteskundeak izan ziren, eta Condé hirugarrenez aurkeztu zen hautagai gisa; erabaki hori eztabaidagarria izan zen, hasiera batean, Konstituzioak ez zuelako hori baimentzen. Hala ere, 2020ko martxoan legea aldatzeko erreferenduma egin zuten, eta aldeko botoen % 91,5 jaso zituen.

Hirugarren agintaldi hori gaitzesteko, oposizioko taldeak eta gizarte zibila Konstituzioaren Defentsarako Fronte Nazionalean (FNDC) bildu ziren, eta egoera aztertzeko "premiazko bilera" iragarri zuten.

Urriko hauteskundeen ondoren, indarkeria izan zen nagusi herrialdean, eta, oposizioaren arabera, segurtasun indarrek 30 herritar hil zituzten manifestarien eta oinezkoen aurka tiro eginda. Gainera, 325 pertsona atxilotu zituzten urriaren 31ra arte, Konakryko Apelazio Auzitegiko fiskalaren arabera, baina Amnistia Internazionalaren arabera, data horren ostean pertsona gehiago atxilotu zituten, oposizioko hainbat kide tartean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;