Mundua -

Batzar Nagusia

Sirian 'berehala' esku hartzea eskatu du NBEk

Siriako erregimena herritarren aurkako eraso 'sistematikoak' egiten ari dela salatu du Nazio Batuen Erakundeak. Berriz ere bonbardaketak egin dituzte astelehen honetan Homs hirian.

Siriako oposizioaren aldeko protesta Yemenen. Argazkia: EFE
Siriako oposizioaren aldeko protesta
Siriako oposizioaren aldeko protesta Yemenen. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako herritarrak babesteko, 'berehala' bertan esku hartzea eskatu die nazioarteko ordezkariei Navy Pillay Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Goi Mailako ordezkariak. Astelehen honetan NBEren Batzar nagusia egin dute, eta, bertan, Bachar al Asaden erregimena Siriako herritarren aurkako eraso 'sistematikoak' egiten ari dela salatu dute.

Navy Pillay Goi Mailako ordezkariak azaldu duenez, ''atxiloketa masiboak' egiten ari dira Sirian, eta 'milaka manifestari eta aktibista arbitrarioki atxilotu dituzte'. Horietako asko 'bortxaz desgerrarazi' dituztela eta 'torturen erabilera sistematikoa' ere egin dutela salatu ditu. Galdeketa eta atxiloketa zentro askotan 'indarkeria sexuala' erabiltzea eta adingabeen kontrako errepresioa ere egotzi dizkio erregimenari. Pillayk emandako datuen arabera, 400 bat adingabe hil dira errepresioa hasi zenetik.Era berean, Sirian gertatzen ari dena gelditzeko 'jarduera falta' egotzi dio Segurtasun Kontseiluari, eta, zentzu horretan, Liga Arabiarraren jarrera aipatu du. Izan ere, Nazio Batuen Elkarteari berari bakerako beste misio bat sortzea proposatzea adostu du igande honetan bertan Liga Arabiarrak.Bonbardaketak Homsen, berriz ere

Siriako Armadak Homs hiria, oposizioaren gotorleku nagusia, bonbardatu du berriz ere astelehen honetan. Tokiko Koordinaziorako Batzordeak iragarri duenez, 23 lagun hil direla gaur Sirian, erregimenaren erasoen ondorioz. Joan den maiatzean Bachar al Asaden erregimenaren kontrako protestak hasi zirenetik, 5.000 pertsona baino gehiago hil dira Sirian, NBEren datuen arabera. Edonola ere, joan den urtarrilean 5.400 hildakoko datua jaso zutenetik, hildakoen zenbatekoa berritzeko arazoak dituztela onartu dute.Giza Eskubideen Bortxaketen Dokumentazio Zentroaren datuen arabera, 8.000 dira hildakoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea