Mundua -
Emakumeen eskubideak
Mexikok abortua despenalizatu du
Egun Mexikoko lau estatuk soilik baimentzen dute abortua haurdunaldiaren hamabigarren astera arte. Ondorioz, erabakiak gainerako 28 estatuei zuzenean eragingo die.
Agentziak | EiTB Media
Mexikoko Gorte Gorenak Konstituzioaren kontrakotzat jo du, aho batez, haurdunaldiaren lehen fasean abortatzeagatik emakumeak zigortzea.
"Emakume bat, umeak sabelean hazteko gaitasuna duen pertsona bat, ez dute sekula gehiago epaituko. Gaur kartzelaren mehatxua eta haurdunaldia etetea erabakitzen duten pertsonen gaineko estigma baztertu dugu", azpimarratu du Luis Maria Aguilar Morales magistratuak.
"Gaur egun historikoa da emakume mexikarren eta haurdunen eskubideentzat", nabarmendu du.
Bestalde, Margarita Rios Farjat ministroak adierazi duenez, "haurdunaldia borondatez etetea zigortzeak mugak ezartzen dizkio giza eskubideei".
Egun Mexikoko lau estatuk (Mexiko Hiria, Oaxaca, Veracruz eta Hidalgo) soilik baimentzen dute abortua haurdunaldiaren 12. astera arte. Ondorioz, erabakiak zuzenean eragingo die gainerako 28 estatuei.
Epaiaren berri izan ondoren, erabakiaren aldeko eta kontrako manifestazioak izan dira. "Hauteskundeetan ikusiko gara!" eta "Aborturik ez dugu nahi, bizitza nahi dugu!" esan dute oihuka ekintzaileek auzitegiko egoitzaren aurrean.
Bestalde, Gire eta Marea Verde talde feministek euren poza agertu dute sare sozialetan auzitegiaren erabakiaren berri izandakoan. Epai "historikoa" dela azpimarratu dute.