Mundua -
Hauteskundeak
Parlamentua eta udalak berritzeko bozak ditu gaur Marokok
Faborito Independenteen Konbergentzia Nazionala (RNI, frantsesezko siglengatik) da, Justizia eta Garapena Alderdi islamista (PJD) baztertu dezakeena. Azken honek gobernatu du herrialdea azken hamarkadan.
Agentziak | EITB Media
Ia 18 milioi marokoar daude deituta asteazken honetan hauteskunde orokor, erregional eta lokaletan bozkatzera.
Hautetsontziak ireki dituzte 08:00etan (07:00 GMT), eta 19:00etan (18:00 GMT) itxiko dituzte. Gauean iragarriko ditu Barne Ministerioak behin-behineko emaitzak, balizko irabazlearen berri eman barik, Marokon zundaketak debekatuta baitaude. Hala ere, uste da azken hamarkadan gobernuan egon den PJD alderdiak atzerakada izan dezakeela.
Hauteskunde legegileetan, hautesleek Ordezkarien Ganberako (Parlamentuko behe ganbera) 395 eserlekuak beteko dituzten diputatuak aukeratuko dituzte.
Erregionaletan, 9.892 hautagai lehiatuko dira herrialdeko 12 eskualdeetako kontseiluetako 678 eserlekuak lortzeko, eta lokaletan, berriz, Marokoko boto-emaileek 157.569 hautagairen artean hautatuko dituzte herrialdeko 31.000 zinegotzi baino gehiago.
Marokon nahitaezkoa da errolda batean izena ematea botoa eman ahal izateko. Guztira, 17.509.127 pertsona daude erregistratuta 18 urtetik gorako 25,2 milioi marokoarretatik, hau da, adin nagusiko biztanleen % 69,5.
Hauteskunde-prozesua, hiru bozak lehen aldiz batzen dituena, osasun-neurri gogorren artean egiten ari da, covid-19aren ondorioz, eta kanpainaren zatirik handiena, hamar egun iraun duena, modu birtualean egin dute.
Hauteskunde-programan, PJDko islamistek, Saadedin el Otmani presidenteak gidatuta, aurreko bi gobernuetan lortutako "lorpenak" defendatu dituzte. Halaber, Administrazioaren kudeaketa eraginkorrean aurrera egiteko, ekonomia dibertsifikatzeko, ekonomia soziala eta digitala hobetzeko eta Marokoko ekonomiaren lehiakortasuna indartzeko konpromisoa hartu dute.
Hauteskundeak irabazteko faborito nagusia, aldiz, 2016ko azken hauteskundeetan laugarren postuan geratu bazen ere, Independenteen Konbergentzia Nazionala (RNI) da, Marokoko enpresariak eta goi-kargudunak batzen dituena.
Horrek bere programan zehaztu duenez, osasun krisiak "gure eredu ekonomiko eta sozialaren akatsak azaleratu ditu, batez ere ezkutuko ekonomiaren tamaina eta gizarte segurantzako sistemarik eza".
Erronka horiei erantzuteko, Aziz Ajanuchek, Marokoko gizonik aberatsena eta 2007tik Nekazaritza ministroa denak, bost promesa egin ditu: babes soziala orokortzea, osasun- eta hezkuntza-sistema hobetzea, enplegua sortzea eta administrazio publikoa erreformatzea.
Emakumeen ordezkaritza
Azken hauteskunde-erreformak emakumeentzat gordetako eserlekuen kopurua handitu zuen: 90 izango dira, gaur egungo 60 eserlekuen ordez. Guztira, 395 eserleku daude; beraz, Marokoko Legebiltzarreko eserlekuen % 22,7 izango dira emakumeenak.
Emakumeen kuoten ehuneko hori eserlekuen heren batera igotzen da eskualdeko eta tokiko hauteskundeen kasuan, baina Marokoko feministen ustez ez da nahikoa, eta Konstituzioan agindutako parekidetasuna nahi dute.
Horien ahotsek oihartzun mediatiko handirik ez duten arren, boikot deiak daude Justizia eta Karitatea mugimendu islamistak eta ezker muturreko Via Democraticak deituta; izan ere, kanpaina eta traolak egin dituzte sare sozialetan, ez bozkatzeko deia eginez.