Mundua -

Koronabirusa

Danimarkak covid-19aren aurkako azken neurriak altxatu ditu

12 urtetik gorako herritarren % 83 baino gehiago txertatuta eta datuak hobera doazela ikusita, herritarrak neurri murriztailerik gabe bizi ahal izango dira gaurtik. Turistentzat baino ez dira mantentzen neurri batzuk.

Gazteak diskoteka batera sartzeko zain, aste honetan, Danimarkan. EFE.
Gazteak diskoteka batera sartzeko zain, aste honetan, Danimarkan.
Gazteak diskoteka batera sartzeko zain, aste honetan, Danimarkan. EFE.

Olatz Prat | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Danimarka, covid-19agatiko neurri murriztailerik gabeko herrialdea da gaurtik, herritarrentzat bai behintzat, ez hala turistentzat. Danimarkako agintariek koronabirusaren hedapenari eusteko indarrean ziren azken neurriak altxatu ditu herritar gehientsuenak txertatuta daudelako. 

Era horretan, daniarrek ez dute txertaketa edo gaixotasuna pasa ote duten ziurtatzeko agiririk aurkeztu beharko, ezta detekzio proba baten emaitza negatiborik ere. 

Ez da halakorik beharko ezta jarduera eta ekitaldi jendetsuetarako ere, futbol partidak edo orain gutxi zabaldu dituzten gaueko aisialdiko lokalak edo diskotekak, kasu. 

Azken hilabeteetan apurka lasaitzen joan dira neurriak Danimarkak, bai musukoaren erabilerari bai bestelako babes edo prebentzio neurriei dagokionez ere. 

Gaueko lokalak eta diskotekak, esaterako,  zabalik dira jada urte eta erdi itxita egon ostean. 

Osasun ministro Magnus Heunickek, abuztu amaieran iragarri zuen neurriak arintzea posible bazen, hori txertaketa maila altuari esker zela. Gaur egun, hamabi urtetik gorako daniarren % 83 guztiz txertatuta daude. 

Hala eta guztiz ere, atzerritarrek eta turistek neurri batzuk bete beharko dituzte eta detekzio probaren bateko emaitza negatiboa eskatuko zaie datozen herrialdearen arabera. 

Ia 6 milioi biztanle ditu Danimarkak (EAEkoa halako hiru baino zertxobait gutxiago). Pandemia hasi zenetik 351.804 kasu positibo izan dira herrialde horretan eta 2.601 lagun hil dira covid-ak jota. Abuztuaren 24 izan zuen azken goraldia pandemiak, 1.345 kasu izan ziren egun hartan eta intzidentzia metatua 239 kasukoa zen 100.000 biztanleko. Neurriak altxatu diren egunean intzidentzia metatuta 170 kasukoa da eta bezperako datuen arabera, 531 kasu hauteman zituzten herrialde osoan. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Danimarka Koronabirusa Maskarak